Birikak bete ur
Norbait bihotzekoak jota hiltzen bada, ez da hondoratzen, oraindik biriketan airea izaten baitu. Itotzen den norbaitek, ordea, birikak urez beteak ditu eta hondoratu egiten da. Gurean ere hilotzak aurkitu izan dira kostaldean. Gogoan dut ministro bat zerraldoa hil ostean oinez muino batera joan zela esaten. Baina gureak ez dira Bigarren Mundu Gerrako kontuak.

Huelvako hilerrian, Gibraltarretik 200 kilometrora, ustez Atlantikoan hil zen jopu ingeles bat dago lurperatuta. Gizon hura, ordea, ez zen Andaluziako uretan ito, 1942ko udazkenean hil zen Ingalaterran pneumonia baten ondorioz. Kontatzera noan istorioak, noski, surfarekin harreman zuzena du, alegia, futbol deitzen duten horrek kirolarekin duen loturaren pareko.
Bigarren Mundu Gerran kokatzen da gertakaria. Ingelesek, Afrika iparraldea mendean hartu ostean Mediterraneo itsasoa zeharkatu eta Europan sartu nahi zuten. Sizilia zen helburu aliatua, baina alemaniarrek kostaldea ongi babestua zuten. Nola egin haien indarrak beste norabait zuzentzeko? Ba erraza, alemaniarrek zuten puntu ahulena erabilita, alegia, espainiarrekin zuten harremana.
Ingelesek zera pentsatu zuten, etsaia nahasteko modu errazena espainiarrei informazio okerra helaraztea zela. Alemanek zera sinetsi behar zuten, ingelesak Sardiniatik sartuko zirela, eta hori pentsarazteko bitartekoa espainiarrak ziren. Plana sinplea zen, espainiarrek goi kargudun militar baten hilotza topatu behar zuten, eta jarraian, hark soinean zeraman informazioa alemanei igorri behar zieten. Azkenik, naziek informazio «okerra» sinetsi behar zuten.
Sinesgarria izateko xehetasun guztiak kontuan hartu zituzten ingelesek. Norbaiten gorpua Andaluziako uretan jaurtitzeko, ordea, honek itota hil behar izan zuen, bestela autopsia baten ostean segituan konturatuko ziren pertsona hori ez zela ito, baizik eta bestelako heriotza izan zuela.
Norbait itotzen denean birikak urez betetzen dira, gorpua hondoratu egiten da eta hortik egun pare batera, presioagatik barrenak lehertzen direnean, berriz ere gorpua ur azalera ateratzen da. Bihotzeko baten edo istripu baten ostean hiltzen dena, ordea, ez da hondoratzen, birikak airez beteta izaten baititu. Detaile hau oso kontuan hartzeko elementua zen.
Pneumoniaz hiltzen denak, aldiz, birikak likidoz beteta ditu, itotakoen kasuan bezala; beraz, ingelesek pneumoniaz hil zen norbait topatu behar izan zuten lehenik, gero haren argazkiak eta dokumentuak egokitu, soinean eramango zuen informazioa kodifikatu (ez gehiegi zeren etsaiak mezua ulertu behar zuen) eta azkenik amua nahi zuten lekuan utzi.
1943ko apirilaren 30ean, «Seraph» itsaspeko ontziak goizeko lau eta erdietan, «Mayor Guillermo Martin» ofizialaren hilotz izoztua Huelvako kostaldetik 1.500 metrora utzi zuen. Bikain atera zen operazioa. Frankistek gorpua topatu zuten, informazioa alemaniarrei igorri zieten eta hauek, mezua deskodetu ostean, helburua Sardinia izango zela sinetsi eta beren azpiegitura militarra hara zuzendu zuten.
Gurean ere hilotzak aurkitu izan dira kostaldean. Gogoan dut ministro bat zerraldoa hil ostean oinez muino batera joan zela esaten. Kasualitatez, han nintzen, surf egiten. Baina gureak egungo kontuak dira, ez Bigarren Mundu Gerrakoak.

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
