2014/11/10

Madozek eta Escribanok, di-da bateko irteeran, «Schmid» igo dute Cervinon

Hilaren 1ean, Iker Madozek eta Kepa Escribanok osatutako sokadak Cervinoko ipar horman dagoen bide klasikoa hamar orduan eskalatu zuten. Zazpi luze izan ezik, «Schmid» bidea ensamblen igo zuten.

Andoni ARABAOLAZA
P051_f01_199x128

Cervino edo Matterhorn mendi ospetsuaren iparraldeko aurpegiko «Schmid» marra isurialde horretako bide klasikoa da. Nahiz eta askotan eskalatzen den, euskal alpinistei dagokienez, oso igoera gutxi izan dira. Jakina, horren «errua» ez dauka bidearen zailtasunak (TD+); bai, ordea, Alpeak urrun geratzen zaizkigun eiteak.

Horri aurre eginez, Iker Madozek eta Kepa Escribanok di-da bateko irteera egin berri dute Matterhornera. Madozek ikasketak egun batzuez zintzilik utzi zituen, eta Escribanok lana eta familia kontuak. Urriaren 30ean irten ziren Euskal Herritik, bi egun beranduago «Schmid» bidea patrikan zuten eta 3an etxean ziren berriro.

Sokada arras interesgarria osatu zuten lerrootako protagonistek. Madoz gaztea da (21 urte), baina dagoeneko jarduera alpino bikainak egin ditu, eta, hanka sartu gabe, lasai asko esan dezakegu etorkizun handiko alpinista baten aurrean gaudela. Azken bolada honetan, Cervinokoaz gain, Grandes Jorasses-en «MacIntyre-Colton» sinatu du eta Aiguille Verte-n «Too late to say I´m sorry». Escribanori buruz ezer gutxi adieraz dezakegu: euskal alpinismoan erreferente bat da.

Baldintza onak

Escribanok 15 urterekin Matterhorneko gailurra zapaldu zuen. Duela urte batzuk, berriz, joan zitzaigun Fernan Ferrerasekin ipar horman saio bat egin zuen: «Unea zen, eta neure buruari `joan behar da' esan nion. Ikerrekin hitz egin eta `Schmid' bidea egitea erabaki genuen. Marra hori udaran oso arriskutsua da. Jakin bagenekien baldintza onetan zegoela, hots, pioleta hartu eta bidearen oinarritik gailurreraino pioletarekin eskala zitekeela».

Bidaia egin eta gero, hilaren 1ean, goizeko 6:30ean, alpinistok martxan ziren. Protagonisten aurretik beste sokada batzuk zeuden, eta, horren ondorioz, eskalada patxadaz hartu zuten: «Lehen hamabost minutuak kopeta-argiarekin egin genuen. Ondoren, itzali, eta egun argiz eskalatu genuen. Baldintza onak izateaz gain, bide hau asko egin da eta urratsa garbia zen. Zazpi luze izan ezik (misto gutxi eta izotz asko), bidearen ibilbidea ensamblen igo genuen. Tontorra arratsaldeko 4:30ean zapaldu genuen».

Lasai asko esan daiteke Madozek eta Escribanok zorte handia izan dutela. Alde batetik, beraiek baieztatu dutenez, bidearen baldintzak onak zirelako, eta bestetik, eguraldia lagun izan dutelako: «Batzuetan gertatu zaigu, irteera espres hauetako batean Alpeetara iritsi, eguraldia okertu eta geure asmoak bertan behera uztea. Oraingoan zortea izan dugu. Ipar horma denez, eguzki printzek ez gintuzten berotu, baina, adibidez, haizea gailurrean soilik altxatu zen. Leiho on bat izan genuen».

Kontu handiz ibili beharreko jaitsiera eginda, alpinistok aterpera heldu eta gainezka zegoela ohartu ziren: «Gaua ez zen batere erosoa izan, baina, tira, horrelakoak ere gertatzen dira».

Ipar horma. Iker Madozek eta Kepa Escribanok Cervinoko «Schmid» bidea igo berri dute. Marraren baldintzak onak ziren eta eguraldia lagun izan zuten.