Aitzol Gogorza presoari alta eman diote Basurtun bost egun eman ostean
Biriketako arazo bat dela-eta Basurtuko ospitalean bost egun eman zituen Aitzol Gogorza presoak. Atzo jaso zuen senda-agiria, Etxeratek azaldutakoaren arabera. Errenteriarra larriki gaixorik dauden hamar euskal presoetako bat da, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa dauka
Aitzol Gogorza presoari senda-agiria eman diotela jakinaraziz oharra igorri zuen atzo Etxeratek. Errenteriarrak bost egun eman zituen Basurtuko ospitalean, biriketako arazo bat dela medio. Pasa den asteko asteazkenean ospitaleratu zuten arnas gutxiegitasuna zuelako eta geroxeago okerrera egin zuen. Azkenean, biriketako tronboenbolia diagnostikatu zioten.
Gogorza larriki gaixorik dauden hamar euskal presoetako bat da; antsietateaz gain, nahasmendu obsesibo-konpultsiboa du. Hala ere, 100.2 artikulua aplikatzea ukatu dio epaileak -alegia, aske uztea, gaixotasun larriagatik-, nahiz eta bere egoerak hori eskatzen duen. Gaitzaren tratamendua egokia izateko beharrezkoa da kalean egotea. Aitzol Gogorzaren konfiantzazko medikua den Oihana Barriosek presoa ospitalean zegoela nabarmendu zuenez, «egoeraren larritasuna gorabehera, zortea izan du», Basurtun azterketa mediku egokiak egin dizkiotelako.
Etxeratek, gainera, Ibon Iparragirreri buruz ere mintzatu nahi izan zuen. Izan ere, Ondarroako presoa Navalcarneroko erizaindegian zegoen eta Alcala-Mecoko modulu batera eraman dute oraingoan. Iparragirrek ihesa dauka 3. fasean, eta bere egoera bereziki larria da. «Bere inguruko pertsonekin normaltasunez harremanetan jartzeko ez da gai», gaixotasunak neurologikoki eragin diolako, eta horrek «ondorio oso negatiboak» sortzen dizkio bere egunerokotasunean.
Kartzela aldaketa hau aldez aurretik abisatu gabe gertatu da eta inolako justifikaziorik gabe, Etxeratek salatu duenez. Lekualdaketa honek Iparragirrerengan ez ezik, bere etxekoengan zein gaixotasunaren jarraipena egiten dioten profesionalengan ere eragina dauka. Hau da, «bisitak egitea zailagoa zaie psikologo eta medikuei». Etxeratek oharrean aipatu bezala, Iparragirreren egoera hobetuko lukeen aldaketa bakarra aske uztea litzateke.
Medikuaren iritzia
Bestalde, Etxeratek bidali ohi dituen oharrak osatzeko baliabideak eskaintzen hasi da Sare. Hala, bi preso gaixo hauen egoeraren berri izatean, Luis Galdos mediku erretiratuaren bideo bat plazaratu zuten. «Preso gaixoek kalitatezko osasun arreta jasotzeko eskubidea izaten jarraitzen dute, eta hori ezinezkoa da kartzelan, are gehiago gaixotasuna larria denean», esan zuen Galdosek. Bestalde, zenbait herritan presoen eskubideen aldeko mobilizazioak egin zituzten: Santurtzin 62 lagun elkartu ziren, Atarrabian 41 eta Sanduzelain 18.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
