Ion SALGADO
Elkarrizketa
Mila Etxaniz
Josu Arkauzen bikotekidea (Murtzia)

«Min gehiago ezin digute egin»

 

1991. urtean atxilotu zuten Josu Arkauz Baionan, ETAko militantea izatea egotzita. 23 urte luze pasa diren arren, arrasatearrak oraindik ez daki zenbat denbora egongo den preso, bere senideengandik urrun, Euskal Herritik urrun. «Espainiaratu zutenetik –1997an–, zortzi edo bederatzi espetxetan egon da. Azkenengo sei urteetan sei espetxetan», deitoratu du Mila Etxanizek, astebururo bikotekidea ikusteko Murtziaraino bidaiatu behar duenak.

Tamalez, Josu Arkauzen bikotekideak ondo ezagutzen ditu sakabanaketak eragiten dituen «minak», bai presoengan bai senideengan. «Harentzako zigor handia da, eta egunero sufritzen du, istripu bat eduki ahal dugulako errepidean. Beti zain egotea, ea zer gertatzen den, noiz helduko garen, arazoren bat egongo ote den espetxeko atean... inork ez daki zer den hori psikologikoki», nabarmendu du Etxanizek.

Istripuen arriskua alde batera utzita, sakabanaketak ondorio ekonomiko sakonak ere baditu euskal presoen familientzat. Milak 1.300 kilometro egin behar ditu bikotekidearekin berrogei minutu egon ahal izateko. «Astero 380 euroko gastua da, eta hori biderkatuz gero dirutza dela nabaritzen duzu», azaldu du Etxanizek. Gainera, bisitak egin ahal izateko lanpostua utzi behar du, erabaki horrek duen gastuarekin. Alta, aitortu duenez, berak zorte du, izan ere langabezian diren edo soldata urriak dituzten familia askok ezin dituzte senideak astero ikusi. «Gasteizen edo Iruñean egongo balira, ez genuke halako arazorik izango, bazkalordurako etxean geundekeela jakinda egingo genituzkeelako bisitak», azaldu du euskal presoek Auzitegi Nazional espainolean aurkeztuko dituzten helegiteei buruz hitz egin aurretik.

Nahiz eta abokatuek iragarritako ekimenak itxaropenaren garra berpiztu duela azpimarratu, Etxanizek ez ditu bere kexak ezkutatzen. «25 urtez pairatu dugu sakabanaketa, eta 35 urte daramatzagu espetxez espetxe. Eta orain urteak itxaron beharko ditugu Europak erabaki arte? Erabakiak bihar bertan hartu beharko lituzkete, eta ez hemendik hainbat urtera», kritikatu du presoaren bikotekideak, EAJk bere garaian sakabanaketa babestu zuela adierazi ondoren. «Orain EAJk dauka hitza, eta presoek Euskal Herrian behar dutela exijitu behar du», gaineratu du.

Arkauzen egoerari dagokionez, endekapenezko diskopatia duen presoak torturak pairatu dituela salatu du. «Hain gogorrak izan dira... batzuetan ez du torturei buruz hitzik ere egin nahi, gertatutakoa gogoratzeak min egiten baitio. [...] Askotan galdetzen diot neure buruari nola jasan dituen horrenbeste urtetan kartzelako bizi baldintzak», esan du atsekabetuta.

Amaitzeko, Madrilek eta Parisek jarritako salbuespenezko neurriak bertan behera utzi behar dituztela azpimarratu du. «Inteligentzia apur bat izanez gero, neurri horiek kenduko lituzkete, herri honek pairatzen duen gatazka behin betiko konpontzeko. Baina ez dute inongo interesik. Sakabanaketa legala ez dela jakinda, erabiltzen dute preso eta senideak txikitzeko arlo ekonomikoan eta fisikoan. Min gehiago ezin digute egin». Ion SALGADO