Sei bertsolari arituko dira kantuan gaur Baionan, Xilabako finalean

Sustrai Colina, Odei Barroso, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Maddalen Arzallus eta Ramuntxo Christy izango dira gaur kantuan Baionan, Xilabako finalean, eta irabazleari Txomin Ezponda bertsolari baxenabartarrak jantziko dio txapela. Saioa 17.00etan hasiko da Lauga gelan eta bertsolariek Joana Itzaina izango dute gai-emaile. Epaile lanetan Eneko Bidegain, Beñat Soule, Lierni Elorza, Joakin Arregi eta Erik Etxart arituko dira.
Aurtengo txapelketako finaleko berrikuntza nagusi bat Txato saria izanen da eta finaleko bertsolarien artean kantaera aberatsena erabiltzen duena saritzea du helburu. Sari honetarako kontuan hartuko diren ariketak, 6 bertsolariek egin beharko dituztenak izanen dira, hots, buruz burukora arteko saioa. Eta horretarako, hiru epaimahaikide izango dituzte: Mixel Aire, Xalbador, bertsolari baxenabartarra (hau ere kantaera ederragatik ezaguna), Pantxika Solorzano Bertsularien Lagunak elkarteko kide, kantari eta musikari lapurtarra, eta Jojo Bordagarai baxenabartarra, euskal kantagintzako ahots ezaguna eta ibilbide luzekoa.
Laugarren Xilaba txapelketa da aurtengoa, Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsolariak biltzen dituena. 18 bertsolarik hartu dute parte. Muskildin abiatu zen urriaren 4an eta, gaurko finala aintzat hartuta, sei saio izan ditu txapelketak guztira. Gaur, bertsolariek hamabosna bertso puntuagarri kantatu beharko dituzte, eta gero lehenengo bi sailkatuek buruz burukoa jokatuko dute, bakoitzak 9na bertso eginez.
Bertaratu ezin dutenek, Info7 irratiaren bitartez jarraitu ahal izango dute saio osoa, zuzenean.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
