Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Dorian «in memoriam»: Surfaren eredu bohemio eta askea irudikatu zuen gizona joan da

Dorian Paskowitz surflari, sendagile eta bakezalea azaroaren 10ean hil zen 93 urte zituela. Ia azkenera arte egin zuen surfa, mundua alderik alde zeharkatu zuen eta Palestinara lehen surf taulak eraman zituen. Berak utzitako ondarea zabala bezain aberatsa da.

Dorian Paskowitzen historia luzea bezain oparoa da. Istorio eta leku anitz barnebiltzen dituen kronika da bere ibilbidea, baina batez ere 60ko hamarkadako surfaren ikuspegi bohemio eta askea azken unera arte defendatu zuen gizona izan zen.

Dorian Paskowitz

Dorian Texasko Galveston hirian jaio zen, 1921eko martxoaren 3an. Gurasoak, Louis eta Rose Paskowitz, etorkin errusiar juduak ziren. 12 urte zituela bere bizitzako lehen amodioa topatu zuen gurasoekin hondartzara joan zen egun batean lehen aldiz olatu bat hartzean. Ordutik, kostaldean egon gura zuen beti Dorianek, eta, horrela, gaztaroan Kaliforniara joan zen bizitzera. Hain zuzen ere, San Diegoko Mission hondartzan sorosle lanetan aritu zen 1937 eta 1941 artean.

San Onofre eta Malibu bezalako leku mitikoetan surflari aitzindaria izan zen. Bestelako bizimoduak asmatzen eta balore berriak hedatzen ari ziren garai eta lekuan zen Dorian, eta orduan garatutako printzipioekin fidel izaten saiatu zen bizi izan zen artean.

1946an, 25 urterekin, Stanfordeko medikuntza eskolan graduatu zen, baina zerbait gehiago egin gura zuen. Hala, bere sustraietara itzultzeko asmotan, 1956an Israelera joan zen.

Dorian Gazan

Arabiar eta juduak bildu eta elkarrekin surf egin zezaten saiatu zen Dorian. Bi komunitateetako jendea elkartzeko bitarteko gisa surfa erabili zuen, eta, horretarako, Surfing for Peace erakundea sortu zuen.

Palestinara surf taulak eramaten saiatu zen, baina ezin izan zuen bere desioa bete. Izan ere, israeldar agintariek surf taulak konfiskatu zizkioten. Inoiz alde batera utzi ez zuen ametsa izan zen hura, oztopoak oztopo, Gazako zerrendan bere jakinduria bertako surflariei irakasten jarraitu baitzuen.

Lau urte behar izan zituen israeldarrek Gazako aduanan atxikita zituzten surf taulak palestinarrei eman ahal izateko, baina, azkenean, 2007an, lortu zuen; gainera, kabuz eman ahal izan zizkien taulak Gazako surf elkarteko kideei.

Peace and Love

Kaliforniara bueltan, bere bizitzako bigarren amodioa topatu zuen Dorianek, Julliete. Hiru bider ezkondu zen Dorian, baina bere benetako amodioa azken emaztea izan zen. Bi hamarkada baino gehiago egin zituen Jullietekin kamioneta batean hara eta hona.

Bikotearen seme-alabek ez zuten ohiko hezkuntza izan, ez zuten gainontzeko haurrek bezala ikasturte oso bat gela batean sartuta pasatzen, bestelako eredu bat jarraitu zuten, baina beste edozeinek jaso zezakeen bezalako hezkuntza izan zuten.

Paskowitztarrak errepide, aparkaleku eta dunetan bizi izan ziren. Kaliforniako kostalde osoa zeharkatu zuten goitik behera urautsi onenetan surf egiten. Noski, ez zen beti gozoa izan, bizimodu bohemio horrekin bikotearen bederatzi seme-alabak mantentzea ez zen batere erraza, sarri diru arazo larriak ere izan zituzten, baina beti aurrera atera eta bidea egiten jarraitzea lortu zuten.

1975ean osasuna helburu zuen proiektu bat jarri zuen abian Dorianek. Hamar urtetan lan handia egin zuen. Paskowitz International Surf School, Paskowitz Surfing Psychiatric Clinic, Paskowitz Surfing Camp eta Surfing for Peace erakundea sortu zituen. 1997an liburu bat ere argitaratu zuen «Surfing and Health -2007an liburu bera berrargitaratu zuen-.

Dorianek ez zuen inoiz olatu bat galdu. Juliettek ezin hobeto deskribatu zuen bere senarra elkarrizketa batean: «Itsasotik urrun dagoenean agure bat da. Surf egiten duenean, ordea, mutiko bat da».

Kelly Slater surflari ezagunak ere harreman estua izan zuen Dorianekin, eta azaroaren 11n, Dorianen heriotzaren biharamunean, gutun hunkigarri bat argitaratu zuen.

Slaterren gutuna

«Bedeinkatua zu, Dorian. Jakintza, egia eta determinazioaren argi izpia izan zara anaia surflari guztiontzat. Azken asteetan zure heriotza iragartzen zuten medikuen informe guztiei aurre egin ostean, azkenean, gaur gauean ahots apalean esan diguzu adio.

Dorianekin denbora elkarbanatzeko zortea izan nuen orain dela egun batzuk eta besarkada bero pare baten ostean, berekin azken argazki hau ere atera ahal izan nuen (ateratako argazkiarekin laguntzen du Slaterrek bere gutuna).

Dieta eta ariketaren maitale sutsua zen, baina, dudarik gabe, bere desio handiena Gazan bakea ikustea zen, palestinar eta israeldarren arteko liskarrak gainditzea. Beti esaten zuen elkarrekin surf egiteko gai den jendea elkarrekin bizitzeko gai ere badela. Dorianek esan zidan Palestinako kaleak urrez zolatuko balituzte bakea nagusituko zela jendartean. Berak, pertsonalki zeharkatu zuen oinez Israeleko mugako aduana, anaia palestinarrei surf taulak eskura emateko. Errespetu eta aitorpen keinu bat izan zen. Agian, egunen batean bere ametsa egia bihurtuko da.

Faltan botako dut gizon zahar eta ero hau. Nire anaia hezten lagundu zuen eta munduko bide anitzak irakatsi zizkidana. Nire dolumin eta maitasun sentikorrena bere emazte eta bederatzi seme-alabei».