J.L.
sokatira

Faborito guztiak izango dira 320 kiloko Lauko Euskal Herriko finalean

Ez da ezusterik izan Euskal Herriko Lauko Txapelketan, eta Ibarrako bi taldeak, Murueta, Ñapurrak, Baigorri eta Murueta B izango dira datorren asteko finalean.

A multzoan lehen jardunaldiko talde berak izan ziren berriro ere sailkapeneko lehen postuetan. Ibarrak sekulako indarra erakutsi zuen, eta, hala, gipuzkoarrek garbi utzi zuten txapela lortzeko faboritoak direla. Hasteko bi talde sartu ditu Ibarrak azken jardunaldi horretan, baina emandako itxura ere paregabea izan da, eta, saiorik garrantzitsuenean hutsik egiten ez baldin badute, txapeletik gertu behar lukete, baita podiumetik bertatik ere, normalean bi taldeak han egon beharko luketelako.

A multzoan Ibarra A izan zen onena, berriro ere. Bigarren posturako egon ziren aldaketak, Ñapurrak sailkatu baitzen bigarren, eta horrekin finalerako txartela segurtatu zuen. Muruetak hirugarren postua lortu zuen, eta haiek ere azken egunean izango dira.

Sokarrolak hirugarren amaitu zuen lehen jardunaldian Ñapurrak taldearekin berdinduta, baina oraingoan laugarren geratu zen, eta ezin izango du txapelaren lehian aritu. Atzetik, Urruña eta Agurain sailkatu ziren lehen jardunaldiko emaitzak errepikatuz, eta hauek ere ez dira final nagusian arituko.

B multzoan Ibarra B taldeak lan handia egin zuen, eta sailkapen nagusian lehen postuan berdinduta bukatu du Baigorrirekin. Nafarroa Behereko taldeak ere garbi erakutsi zuen lehen jardunaldian lortutakoa ez zela kasualitatea izan, eta aipatutako bi taldeak izango dira final nagusian. Sokarrolak bi talde zeuzkan finalaren atarian, baina bietako inork ezin izan du atea gurutzatu. B taldeak ez zuen egun ona izan ,eta Murueta B taldeak aurre hartu zion; hortaz, azken hauek izango dira finalean. Sokarrola B, Iparralde eta Sokarri geratu ziren azkeneko postuetan, eta hirurak ere ez dira azken saioan izango.