«Azkar eta ondo»
Iñaki Artolak eta Jokin Altunak sekulako ikusmina piztu dute larunbatean jokatuko duten lehen finalerako.

Esaerari kasu egingo bagenio, usoak dira hegan, azkar eta ondo egiten dutenak. Iñaki Artolak eta Jokin Altunak ere halatsu egin dituzte gauzak pilota munduan, profesionaletan debutatu eta bost hilabetera jokatuko baitute euren lehen finala. Baina emaitzez harago, Gipuzkoako eta batez ere Tolosaldeko pilotazaleen artean sekulako ikusmin eta ilusioa piztu dute, bestela ezin ulertu baitaiteke larunbatean Atano III.ak izango duen sarrera edo atzoko material aukeraketan izandako ikusmina; bigarren mailako partida baten atarian aspaldi ikusten ez zen bezalakoa.
Aurrelariak izanda ere, estilo arras desberdinetako pilotariak dira Alegiakoa -indartsuago eta fisikoagoa- eta Amezketakoa -teknikoago eta artistagoa- eta bakoitzak bere dohainetara hobekien moldatzen den materiala hautatu zuen, baina inolako kexa edo arazorik gabe.
Iñaki Artolak ondo azaldu zuen bezala, «gure artean ez da inolako sekreturik», eta alde horretatik, ezusteko gutxi espero dira larunbateko partida handian. Bien artean bi urteko aldea egonda, Asegarcekoa zaharragoa da, profesionaletan ia partida gehiago jokatu dituzte afizionatuetan baino. Hala ere, elkarrengandik sei kilometrora bizita, gauza asko elkarrekin bizi izan dituzte. «Guretzat izugarri polita izaten ari da, debutatu aurretik elkarren aurka zenbait final jokatu genituen afizionatuetan, debutatzearen bizipen horiek elkarrekin bizi izan genituen -lau egunen aldea izan zen bien debuten artean-, biok elkarri sentsazioak eta bestelakoak komentatuz, asko hitz egin genuen elkarrekin; eta orain biok finalera iristea zoragarria izaten ari da», gaineratu zuen Artolak.
Hala ere, aukeratzen emanda, Artolak nahiago izango zuen finala beste arerio baten aurka jokatu. «Asko jokatzen duenaz aparte, biok lagunak gara eta finalaren aurreko momentuak deserosoak dira biontzat. Lagun handiak gara, asko hitz egiten dugu elkarrekin, baina final bat da eta tentsio handia dago eta deseroso egoten gara batera gaudenean, eta azkenean, larunbatean partida jokatu artean, niretzat aurkaria da», aipatu zigun amezketarrak.
Artola faborito
Txapelketako lehen partida ere elkarren aurka jokatu zuten, Artolaren herrian eta Amezketakoa aurreratu bazen ere, Alegiakoak nahikoa erraz lortu zuen garaipena. Horregatik, eta profesionaletan jokatutako elkarren aurkako lehiak Artolaren sakelara joan direnez, bera irtengo da faborito. Altunak hori horrela izatea onartzen duen arren, «ni momentu honetan finalera nator eta, momentu honetan behintzat galtzea ez zait burutik pasatzen. Finalera nator eta irabazi egin nahi dut, gero galtzen badut, finalera iristea ez da gutxi eta ez naiz burumakur joango, baina ez dago konparaziorik finala irabazi edo galtzearen artean».
Alegiako lehen porrot hori, gainera, pizgarri izan zaio Iñaki Altunari. «Partida hori berriz ikusiko dut agian aste honetan, baina ez dakit ondorio baliagarririk ateratzeko balioko duen, partida guztiak desberdinak direlako, baina nire jarrerari begiratuta, nik uste dut dezente aldatu naizela. Orduan, markagailuan atzetik jarri nintzenean etsi egin nuen eta azken partidetan, aldiz, nahiz eta galtzen hasi, gehiago borrokatu naiz, eta horrek balio izan dit», aipatu zuen Aspekoak, Victorren aurkako finalerdia gogoan.
Iñaki Artolak ere, profesionaletako bere ibilbidea motza den arren, berak ere gora egin duela uste du. «Kolpetik eta beti ondo ibili naiz, baina maila berri honetara ohitzea kostatu egin zitzaidala uste dut. Pilotak aldatu egiten dira, lehen aurkari batzuetara ohituta geunden eta orain profesionaletan guztiak berriak dira... Pixkanaka ohitu egin naiz, aurkariak ezagutzen joan naiz, `hau baino gehiago banaiz, beste hori gehiago da' eta uste dut gora egin dudala», azaldu zigun.
Sarrerak hiru bidetatik saltzen ari direnez, Aspe, Asegarce eta Gipuzkoako Federazioa, zaila da bihar arte datu zehatzik jasotzea, baina antolatzaileek jende asko espero dute larunbatean. Atzoko aukeraketan ere ohikoa baino askoz jende gehiago izan zen.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

«Energetikoki, Euskal Herrian Trumpen bandoan gaude»
