Jon ORMAZABAL
Lau eta erdiko Promozioko finala

Haizea dator Txindoki magaletik

Aspaldi sumatzen ez zen ikusmina piztu du Iñaki Artolak eta Jokin Altunak Atano III.ean jokatuko duten bigarren mailako txapelketako finalak. Joko oso desberdinaz, profesionaletan emandako bost hilabeteetan, sekulako ilusioa piztu dute zale gipuzkoarren artean.

Aspalditik behar zuen haize fresko ufada bat heldu zaio pilota munduari, batez ere Gipuzkoakoari. Etorri ere, herrialdearen bihotzean kokatutako Txindoki mendi kutunaren magaletik datorkio, elkarrengandik sei kilometro eskasera dauden Alegia eta Amezketa herri txiki eta pilotazaleetatik. Izatera hel daitezkeenaren gaineko eztabaida amaigabeak albo batera utzita, Iñaki Artolak eta Jokin Altunak, gaur gertatzen dena gertatuta ere, dagoeneko ezinezko ziruditen bi helburu lortu dituzte, Gipuzkoako pilotazaleen ilusioa berpiztea eta Promozioko txapelketa bati aspaldian galdutako ikusmina berriro ematea.

Ikusi besterik ez dago gaur arratsaldean jokatuko den Promozio mailako Lau eta Erdiko Txapelketak sortu duen ikusmina. Geografikoki Tolosako Beotibar egokiagoa izan zitekeen arren, enpresetako arduradunek historikoki lehen mailako finalak jokatu diren Atano III.era eraman dute partida, eta betetzetik gertu izango da Donostiako pilotaleku historikoa.

Bat baino gehiago dira bat-bateko loraldi honen arrazoiak. Martin Alustiza Aspeko intendenteak nabarmendu digunez, «sekulako ikusmina nabaritzen da. Material aukeraketan bertan, aparteko jendetza bildu zen pilotalekuan eta iruditzen zait horrelako zerbait behar zela. Gipuzkoan aspaldi ez zen halako ilusiorik sortzen. Jendea pilota gosez sumatzen da, etorkizun handiko bi pilotariren arteko finala izango da eta uste dut ez dagoela gehiago eskatzerik».

Oso antzeko iritzia du Asegarceko kirol zuzendari Ruben Belokik. «Gipuzkoak lehen mailako pilotariak behar ditu, txapeldunak behar ditu, zaleak hor baitaude beti. Zaleek euren pilotariekin gozatu nahi dute eta, aspaldian ez bezala, bigarren mailako final handi bat ikusi behar dugu, frontoia beteta», gaineratu zuen Burlatakoak.

Enpresek berek ere izan dute ikasgairik. Izan ere, ekonomikoki euren beharrak asetzeko, kontsumo produktu azkarrak behar izaten dituzte, baina Tolosaldeko bi gazte hauekin Promozio mailako txapelketak ere interesik izan dezaketela ikasi dute. Egia da, bost hilabetetan bikain egokitu direla, biak, maila berrira eta datorren urteko kaiolakoan bietako batek, edo biek ziur aski, lehen mailan jokatuko dutela, baina beren bidea egiten uzteak alde guztientzat onurak ekar ditzake.

Ildo horretatik, Segurako pilotari ohiak autokritika apur bat ere egin zuen. «Pilotariak askotan azkarregi sartzen ditugu lehen mailan, eta bi hauek kantxan erakutsi dute tokia izan dezaketela, finalean sartu dira eta datorren urtean ikusiko da. Nik uste dut eurentzat eta txapelketarentzat oso garrantzitsua izan dela halako bi gazte izatea. Askotan presaka ibiltzen gara enpresa aldetik eta nik uste dut merezi izan duela bi pilotari hauek bigarren mailakoan jartzeak». Eta hori Altunari Aspetik lehen mailakoan jokatuko zuela esan ziotela, nahiz eta azken unean atzera egin.

Gauzak garbi

Orain urtebete inguru, Iñaki Artola ere pasa zen antzeko egoera batetik. Gabonetan zen profesionaletan debuta egitekoa, baina Stephane Lemunok Promozioko txapela irabazi eta kontratua berritzea lortu zuen, eta alegiarraren debuta udara atzeratu zen.

Etsi beharrean, gero kantxan erakutsi duen zuzentasun eta buru argiarekin hartu zuen momentuko desilusioa. «Bere garaian penatxoa hartu nuen abenduan ez debutatzeagatik, baina uste dut hilabete hauek lagundu egin didatela zailtzen eta maila hobetzen», azaldu zion GARAri, debuterako eguna konfirmatu berritan emandako elkarrizketan.

Bere kasuan horrelakorik gertatuko ez dela apustu egin daitekeen arren, utzi zuen kontuan hartzeko beste gogoetarik filosofia ikasketak egiten ari den pilotariak. «Orain nire sentsazioa da oso gazte hasten zaizkigula profesionalak izateko kontu hauekin. Nik orain 19 urte dauzkat, 20 egitera noa eta nahikoa edade badaukat, baina enpresarekin eta zerbait entrenatzen hasi ginela badira hiru bat urte. Mundu hori oso goiz etortzen zaizu, beharbada goizegi. Profesionaletan ikusi da Olazabal bat gazte-gaztea dela bidali egin dutela. Ezin duzu pentsatu 24 urte dauzkazula eta ez zaituztela bidaliko. Kasu mordo bat egon dira horrela bidali dituztenak eta badago azkar erakutsi behar bat», esan zuen.

Eta hain justu Artolaren debuta atzeratze hori izan da lehendik estua zen harreman hori estuago egin duen arrazoietako bat. Izan ere, oso gertukoak izanda, hamaika alditan egon dira elkarrekin aldageletan eta pilotalekuetan, baina bien artean bi urteko aldea izanda, aurtengo martxoaren 12ra arte ez dute buruz buru elkarren artean partida ofizialik jokatu. Bergaran izan zen, lau eta erdian hori ere, Soraluze Txapelketako finalerdian. 400 lagun inguru bildu ziren udal pilotalekuan, afizionatuetan ere jendea erakartzeko ahalmen izugarria bazutela erakutsiz.

Debutaren aurreko egunetako urduritasunak eta bizipenak ere elkarrekin partitu zituzten Artolak eta Altunak, eta lehen finalerako bidea ere paraleloa izan da, nahiz eta amezketarrak onartu bezala, azken aste honetan inguruan sortu den tentsioak «apur bat deserosoa bihurtu duen aldagelan eta batera ematen dugun denbora».

«Oso gazteak dira, baina afizionatuetatik badaukate ibilbide bat eta klasea hor dago. Egin duten guztia hor dago eta debutatu dutenetik zerbait desberdina ikusten zaie eta argi dago zalearentzat oso final erakargarria geratu dela», esan zuen Belokik.

Kantxan gainean, dena dela, badituzte desberdintasunak jokoari dagokionez. «Biek pilotarako gose hori transmititzen dute eta bost hilabetetan, biek erakutsi dute, biak oso desberdinak izanda, bakoitza berean oso ona dela. Altuna artista bat da eta Artola fisikoki oso ondo egindako mutila, zezen koskor bat», azaldu zuen Martin Alustizak.

Ezberdintasunak ezberdintasun, garai batean Patxi Eugi eta berarekin emandako egoera dakarkio burura Ruben Belokiri Tolosaldeko bi gazte hauen etorrerak pilota munduan sortu duen giroak. «Izan daiteke. Pentsa, Agoitzetik Burlatara 15 kilometro eskas daude eta hau antzeko zerbait da. Inguru berekoak dira eta goi mailan oso gazte hasten diren pilotariak dira jendearengana gehiago heltzen direnak. Zer izatera irits daitezkeen, zalantza eta eztabaida hori daramate gainean... alde horretatik, Patxi eta ni hasi ginenekoa gogorarazten dit», azaldu zuen atzelari ohiak.

Hori bai, oraingoz, zaleen arteko lehiak ez du bere garaian bi pilotari nafarren artean piztutakoaren inolako antzik.

«Pike hori sortzen joaten da. Bi hauek ziur oso ondo moldatzen direla eta Patxi eta ni orain primeran moldatzen gara. Orduan lehiakortasuna horren handia zen, bakoitzak interesatzen zitzaion ibilbidea jarraitzen zuela. Dena dela, nik uste dut pike sanoak zirela eta pilotarentzat, orokorrean, oso onak», gaineratu zuen, irribarrea ahoan.

Partiden ostean biek elkarrekin sarri afaldu duten arren, gertatzen dena gertatzen dela, bakoitzak bere aldetik ospatuko du egindako txapelketa bikaina. Hori bai, Artolak ez du baztertzen parrandan topo egitea. Potea, txapeldunaren kontu.

Martin Alustiza

«Ikusmin berezia nabaritzen da eta uste dut horrelako zerbait beharrezkoa zela. Gipuzkoan ez da aspaldian halako ilusiorik antzeman. Biek pilotarako gose hori transmititzen dute eta, gainera, bost hilabeteetan erakutsi dute, biak oso desberdinak izanda, bakoitza berean oso onak direla».

Ruben Beloki

«Honek antzekotasunik badu Patxi eta nirekin gertatu zenarekin. Pentsa, Agoitzetik Burlatara 15 kilometro daude eta hau antzeko zerbait da. Inguruak dira eta goi mailan gazte hasten diren pilotariak dira zaleengana gehiago iristen direnak. Zer izatera hel daitezkeen; galdera hori daramate gainean».

Giroa

Artolak eta Altunak sortu duten ikusminak bigarren mailako txapelketa bera ere suspertu dutela esan daiteke, eta Atano III.a pilotaleku historikoa betetzetik gertu izango da gaur arratsaldean.