Jon LEUNDA
Aizkora Desafioa

Mugertza II.a eta Zaldua, Arriarekin neurtzeko prest

20 kana-erdiko ebaki eta ondoren 20 kilometro korrikan egiteko asmoa agertu du bikote gipuzkoarrak. Azaroaren 29rako antolatu dute bilera Azpeitian.

Ugaitz Mugertzak eta Xabier Zalduak apustua jokatzeko deia egin diote Xabier Orbegozo Arria V.ari. Proba mistoa izango da; izan ere, aizkoran eta korrikan jokatu nahi dute.

Beraiek prest daude hogei kana-erdiko ebaki eta 20 kilometroko korrikaldia egiteko. Arriak dena berak bakarrik egin beharko luke, eta eurek, aldiz, aurrena enborrak ebaki nahi dituzte, eta ondoren korrika egin. Horrela, kirolari bakoitzak hamar kana-erdiko ebaki, eta bere kideak gauza bera egiten duen bitartean atseden hartzeko beta izango luke, eta gero besteak ere egiteko bera izango luke.

Mutrikukoa eta Zumarragakoa datorren azaroaren 29an izango dira Azpeitiko Mendizabal jatetxean Arria V.aren zain, 16.00etatik aurrera. Ez da ahaztu behar, arratsalde horretan bertan neurtuko direla Azpeitian bertan Izarraitz pilotalekuan Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga, euren arteko apustua jokatzeko.

Bikotea 6.000 euro jokatzeko prest legoke, eta neurketa martxo aldera jokatu nahi dute. Orain dela ia urtebete neurtu ziren aizkoran eta korrikan Arria V.a eta Zaldua, eta orduan errezildarrak oso ongi irabazi zuen norgehiagoka. Oraingoan, ordea, Zaldua ez litzateke bakarrik arituko, Mugertza izango bailuke lagun. Ugaitzek aurten Gipuzkoako Bigarren Mailako txapela lortu du, eta Euskal Herrikoan, berriz, bigarren geratu da. Ikusi beharko da Arria azaltzen den, eta apustua baldintza horietan onartzen duen edo beste asmoren bat eramaten duen.