Jon LEUNDA
Aizkora | Apustua

Larrañagari eta Otañori iritsi zaie jokatzeko eguna

Azpeitiarra eta beizamarra bihar arratsaldean neurtuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18.30ean.

Atzeraka ari dira kontatzen Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga bihar arratsaldeko 18.30erako falta diren orduak. Orduan neurtuko dira Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta aurretik lan handia izango dute. Otañok hamar kana-erdiko eta bost 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako Larrañagak. Enbor txikiak Otañok eramango ditu, eta handiak Larrañagak, baina Beizamakoak aukeratuko du azpeitiarrak ebaki behar duen seigarren 60 ontzakoa. Bakoitzak 3.000 euro jokatzen ditu.

Ikusmin handia piztu du norgehiagoka honek, eta ez da gutxiagorako. Urola bailarako bi herritako ordezkariak dira, biak ere muga egiten dutenak, eta biak gazteak. Otaño Beizamakoa da, eta 20 urte besterik ez ditu. Larrañaga Azpeitikoa da, eta 25 urteko aizkolaria da. Biak gazteak, eta horrek euren adinekoen artean sekulako gogoa eta grina piztu du. Beraz, Izarraitz pilotalekuko harmailek sarrera bikaina izango dute bihar.

«Ongi ikusten dut neure burua. Saio onak egin ditut, eta lan ona egiteko itxaropenarekin noa», dio Mikel Larrañagak. «Gogoa eta ilusioa handia da, eta baita pasatzeko gogoa ere. Ni ongi nago, eta etxean egiten dudana egin nahiko nuke plazan», dio berriz, Eneko Otañok.

Bientzat aurreneko apustua izango da, baina hala ere biak nahiko lasai agertzen dira. «Ni normalean txapelketen aurretik nahiko lasai egoten naiz, eta orain ere horrela nago. Niretzat unerik txarrenak plazara joan eta hasi aurreko une horiek dira. Hor gaizki pasatzen dut», dio Mikelek. «Oraingoz, nahiko lasai nago, baina beti daukazu larunbateko apustua buruan. Bakarrik nagoenean eta horrelakoetan oso zaila da burutik kentzea», esan du Enekok.

Dirua oso nabarmen dago Larrañagaren alde, baina azpeitiarraren esanetan, horrek ez omen dio aparteko presiorik sortzen. «Badakit jendea dirua nire alde ari dela jokatzen, baina horrek ez dit kezkarik sortzen. Nik nire lana egitera joan behar dut, dirua nire alde egon edo ez, ez daukat besterik», dio aizkolari azpeitiarrak.

Otañok, aldiz, presio gutxiagorekin doala esan du. «Dirua aurka edukitzeak bere abantailak baditu, eta presioa kentzen dit gainetik. Kasu honetan hobe kontra egonda, presiorik gabe joatea ona baita», dio.

Bihar egiten dutena egin, biak iristen dira urtearen amaiera honetara sekulako lana eginda. Larrañagak aurten Gipuzkoako Lehen Mailako txapela irabazi du, eta baita Euskal Herriko Bigarren Mailakoa ere. Otañok, lehen aldiz hartu du parte Euskal Herriko Bigarren Mailakoan, eta laugarren amaitu zuen. Gipuzkoako Bigarren Mailakoan, aldiz, bigarren urtea zuen, eta aurten finalean sartzeaz gain, hirugarren amaitu zuen, atzetik izen handikoak utziz.

«Biharko apustua irabazi nahi dut, baina garbi daukat hor gertatzen dena gertatu, urtea oso ona izan dela niretzat. Bihar bietakoren batek galdu beharra edukiko du, eta niri tokatzen bazait ere, ez naiz aurtengoarekin haserre geratuko», esan zuen Larrañagak.

«Urtearen hasieran ez nuen berehala pentsatuko aurten bi final jokatu eta ibili naizen lekuan ibiliko nintzenik. Oso gustura nago egindakoarekin. Biharkoa irabaziko banu, urteari amaiera zoragarria emango nioke, baina bestela ere gustura geratuko naiz», zioen Otañok.

Bi aizkolariak gogoz daude, eta jendea ere bai. Nerbioek zerbait txarrik eragiten ez badiete, bihar arratsaldean ikuskizun aparta eskainiko dute Azpeitian.

Enbor bateko aldea egongo da

Biharko apustuan enbor bateko aldea egongo da, izan ere, Larrañagak 60 ontzako bat gehiago moztu beharko du, eta hor egon daiteke gakoetako bat. «Egia esan, denetik esan didate, nahikoa dela, handia dela, egia esan, ez dakit ze pentsatu. Apustua horrela egin genuen, eta horrela jokatu beharra dago», esan zuen Mikel Larrañagak.

Eneko Otañok ere onartzen du aldea badagoela, baina bere esanetan bi aizkolarien artean ere ba omen dago. «60 ontzako baten aldea, aldetxoa da, baina ni Bigarren Mailan nago, eta bera Lehen Mailan. Gainera, Gipuzkoako txapela ere jantzi du, eta garbi dago lortu duen guztia ez dela kasualitatea izan», esan zuen Beizamakoak.

Biek badakite bakoitzak ze taktika erabil dezakeen. «Nik aldea kendu beharra daukat, baina erritmotik atera gabe. Nire martxatik ateratzen banaiz ez dut ezertarako aukerarik izango», dio azpeitiarrak. «Bera hasieratik aldea ateratzen saiatuko da, eta ni berari eusten, baina nire erritmoaren barruan, bestela, saioa oso luzea egin daiteke», onartu zuen Beizamakoak. J.L.