Andoni ARABAOLAZA
Eskalada | Hegoalde eta Ariznabarrako rokodromoak

Arabako eskalatzaileak kudeaketarekin haserre

Eskalatzaileek gogor salatu dute Gasteizko Hegoalde eta Ariznabarrako eskalada-murruetan egiten ari den kudeaketa txarra. Orain arteko hainbat ekimen garrantzitsuk etorkizun iluna dute.

Araban eskalada arloko ekimenek indar handia izan dute beti. Baina horietako batzuek, esate baterako, Boulder Ligak edo Zutikan zentroak, etorkizun iluna dutela dirudi. Eta hain zuzen ere, Arabako eskalatzaileen ordezkari batzuek, GARAri bidalitako ohar baten bidez, egoera ilun hori publikoki salatu nahi izan dute .

Eskalatzaileok Aiteko Management S.L. enpresa esleipenduna Gasteizko Hegoalde eta Ariznabarrako udal instalazioetako rokodromoetan egiten ari den kudeaketa txarra salatu dute. Eta horren isla da, adibidez, Herri Boulder Ligaren egoera. Kolektibo horrek dioen moduan, lehia herrikoi hori historikoa da Arabarentzat: «Liga hau geure kirolerako erakusleiho ezin hobea izan da arabar gizartean orokorrean eta jende gaztearen artean. Eta aldi berean geure instalazioen sustapenean».

Ildo beretik, Zutikan Gazteentzako Teknifikazio Zentroari ere begiratu diote: «Proiektu aitzindari honen sorrera Espainiako Estatuko lehendabiziko teknifikazio eskalada zentroaren jaiotza izan zen. Euskal eskalatzaileen elitea zein beste gizabanako batzuk ekimen horretatik pasa dira, eta mundu mailan aintzat hartutakoa izan da. Zutikanek, kirol gaitasuna garatzeaz gain, giza zein balio pertsonalak garatzeko aukera ere eman zuen. Horregatik uste dugu gure herrialdeko oinarri-kirolaren sustapen eta garapenerako ezinbestekoa izaten jarraitu behar duela».

Babes handia

Kolektibo horrek beste ekimen bat ere ekarri nahi digu gogora: eskaladako herri maratoiak. «Herri proba hauek geure komunitatearentzat topaketa izaten dira, eta bateratze lokarria ezartzen dute eskalada-murruetako teknikari eta erabiltzaileen artean».

Arabako eskalatzaileek helduentzako entrenamendu ikastaroek izan duten garrantzia ere azpimarratu nahi izan dute: «Zerbitzu honek urtero gero eta eskaera gehiago jaso duen arren, aurtengo denboraldian zerbitzuaren garestitzea eta kudeaketa txarra dela-eta, taldeek ezin izan dute aurrera egin».

Eta, azkenik, Arabako Goi Mendi Eskolaren kolaborazio hitzarmena bertan behera geratu dela salatu dute.

Hau guztia esanda, eskalatzaileok udal eskalada-murruen arduradunaren kudeaketa salatu du, kalte nabarmenak eragin dituelako: «Azaldutako zerbitzuak kaltetzeaz gain, hainbat lan kontraturen desagertzea ekarri du. Horregatik Udalari eta Aiteko Management SLri dei egiten diegu egoera hau itzularaz dezatela, erabiltzaileek historikoki kalitate handiko udal rokodromoak erabiltzeko aukera izan dezaten. Sinatzaileen artean dira Garbiñe Gorospe, Iker Pou, Irati Anda, Eneko Akarregi, Adolfo Madinabeitia, eta beste hainbat eta hainbat.