Surflari ernegatua
ITSASOA

Gallo

Ondoko elkarrizketa egin behar nuela esan zidatenean banekien ez zela erraza izango. Gallo aspalditik ezagutzen dut, mila istorio bizi izan ditugu elkarrekin, nire lehen babeslea izan zen, «Logbook» izeneko taulak ematen zizkidan txapelketetan aritzeko, surf irakasle gisa ere nire lehen surf ikastaroak berekin eman nituen, eta, besteak beste, orain dela urte asko, hiru hilabete egin genituen Australian Volvo markako auto zahar batean batera bizitzen.

Surflari gisa naizena, hein handi batean, berari zor diot. Ernegatu gisa naizena ez, hori beste kontu bat da, gizarte honek zenbaitengan eragiten dituen efektu kolateralak direla esan daiteke.

Elkarrizketan esandako gauza pila bat ez dira agertzen, orriotatik kanpo geratu dira, leku faltgatik. Galdera batean Gallok berak esaten duen mduan, maketazioak asko mugatzen du.

Askotan gertatzen den moduan, elkarrizketan esandako gauza interesgarri eta erakargarrienak ez dira agertzen, ez dira argitaratzen, gidoitik kanpo daudelako edo beste arrazoi gabeko arrazoi txatxuengatik, baina ez daude. Maketatzailea ez bada, zuzentzailea izango da, zuzentzailea ez bada, ortografia izango da, eta ortografia ez bada auskalo zer den, baina indarrean den ereduak bere lau ertzak ongi zehaztuak ditu, eta puntarik ez badute ere, angeluak oso zorrotzak dira.

Arau guztietatik kanpo geratzen diren istorio solte horiek, hor airean gera daitezke, inon argitaratu gabe, baina bizitzako esperientzia garrantzitsuenak, gugan eragin handiena dutenak, hain zuzen ere istorio horiexek direla esango nuke, eta horiek ezagutzeko modu bakarra dago, bidea egitea. Ekinez egitea.

Gallok dioen moduan, «benetan nahi badut, ahal dut», eta bera horren adibidea eman du. Ikusi besterik ez dago begiekin ikusten ez duen lagun honek surf nola egiten duen. Ikuskizun ikusgarria da, baina batez ere sentigarria. Inon irakur ezin daitezkeen esperientzia guzti horiek bezala.