J.L.
Aizkora

Zaramillon abiatuko da Binakako Txapelketa


Binakako Urrezko Aizkora hastera doa. Gaur bertan jarriko da abian, eta 12.30ean Zaramillon jokatuko da aurreneko jardunaldiko saioa. Lopez eta Mieltxo Mindegia, Kañamares III.aren eta Jauregiren aurka neurtuko dira.

Aipaturiko bi bikote horiez gain, Atutxa II.a eta Mugertza II.a, Donato eta Oihan Larretxea, Olasagasti eta Felix Etxeberria, Rekondo eta Erasun, Larrañaga eta Ruben Saralegi, eta oraindik zehazteko dagoen beste bikote bat arituko dira maila nagusiko txapelketan.

Lehen jardunaldi honetan oso saio polita izango da, nahiz eta nafarrak diren faboritoak. Lopez ongi baldin badago, oraindik min handia egiten du, eta lan hauetan Mieltxo Mindegiak ere lan asko egiten du. Miel Mindegiaren semerik gazteenak kolpe handia du, eta aizkoran ere ederki egiten du. Binaka oso ongi aritzen da, eta bikote oso indartsua osatuko dute.

Kañamaresek eta Jauregik ere oso lan onak egin izan dituzte, eta saiatuko dira lehen puntua eskuratzen. Lanak, berriz, orain arte egin dituztenak izango dira. Lan laburrak eta ezberdinak, eta gero, denetako denborak batu ostean marka onena duenak lortuko du garaipena. Finala martxo aldera jokatuko omen da.

Zilarrezko mailakoa ere jokatuko da, nahiz eta hau asteburu honetan ez den abiatuko. Parte hartuko duten bikoteen izenak erabakita daude. Daniel eta Iker Vicente, Eneko Otaño eta Eneko Saralegi, Zaldua eta Dorronsoro, Rodriguez II.a eta Irazabal, Alkizalete II.a eta Alberdi, Zubiaga eta Kintana, Senosiain II.a eta Resano eta Toldedano eta Trilla, azken hauek segoviarrak, izango dira parte hartzaileak.

Kopa

Bihar, berriz, 17.00etan Orioko plazan jokatuko da Txapeldunen Ligako Kopako finala, edo pilotalekuan, euria baldin bada. Txapeldunen Liga bera pasa den astean amaitu zen, Atutxa txapeldun zela, eta orain Kopako finala jokatuko da.

Aitzol Atutxa, Jon Rekondo eta Ander Erasun izango dira aurrez aurrez, Ligako aurreneko hiru sailkatuak neurtuko dira. Hemengo lanak ere laburrak eta ezberdinak izango dira, eta denetako denborarik onena duenak lortuko du garaipena. Aitzol Atutxa izango da garaipena lortzeko faboritoa. Bizkaitarra sekulako denboraldia egiten ari da, eta txapelak pilatzen jarraitzeko asmoa dauka.