Maider IANTZI
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

Estiballes gailendu da Zornotzan, eta osatu da finaleko zortzikotea

Lehiaren kili-kilia haziz doa saioz saio, eta azken finalaurrekoa bukatuta, osatu da heldu den abenduaren 20an Bilboko Miribillan izanen den zortzikotea: Iratxe Ibarra, Etxahun Lekue eta Arkaitz Estiballes zuzenean doaz, hurrenez hurren, Etxebarrian, Urdulizen eta Zornotzan irabazita. Jone Uria, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Fredi Paia eta Xabat Galletebeitia, aldiz, puntuak pilatuta.

Atzo Zornotzako Zelaieta frontoian bildu ziren 700 lagunek ez zioten kanpoko hotzari sartzen utzi. Saio beroa izan zen, eta sorpresaz betea, entzuleen gozagarri. Adibidez, Jone Uriaren kartzelakoa, «El Padrino» filmeko abestia moldatuz sortutako doinu berrian abestua. «Gaur duzu azkenengo terapia eguna» zen gaia eta hala kantatu zuen algortarrak: «Ez da makala niri orduan gertatutako kondena/ ta gainditzeko nola ez izan mila arazo problema/ esan zidaten terapiara joatea duzu onena/ holakoetan martxan horrela jartzen omen da sistema/ hemen egon naiz egunez egun hilabetetan barrena/ egunez egun dena pasa da gaur iritsi da azkena/ baina oraindik kalean dago ni bortxatu ninduena».

Eta bigarrena: «Egoera hauek tamalez dute gizarte hontan tokia/ nahiz ta amestu gizarte hobe bat guztiontzat egokia/ frogarik eza izan da nire kasu hontan aitzakia/ errekurtsoa jarrita berriz da kasua irekia/ oraindik daukat barrua minez ta erditik ebakia/ epaile batek hartzen duenean epaitzeko erabakia/ egun horretan bukatuko da behingoz nire terapia». Txaloka lehertu zen publikoa.

Hagitz ongi ibili zen Uria saio osoan, serio zein umoretsu, irabazlearengana hurbilduz (hiru puntu eta erdiko aldea atera zion Arkaitz Estiballesek). Galdakarrari buruz, zer esan, gustura eta eroso sumatzen zen ariketaz ariketa, honakoa bezalako perlak utziz. Estiballes eta Jone Uria bikotea dira, etxe bat erosi dute, baina ez dute altzariz betetzeko dirurik. Jonek hara bizitzera joan nahi du, Arkaitzek ez. Hasieratik heldu zion ongi gaiari Galdakaokoak: «Koltxoirik ez daukagu aibala aibala/ bakarrik hor lurrean moketa zabala/ nire ziatika ta hernia diskala/ lehenengo egunetik hil nahi nauzu ala. Uriaren errematea, itzela: «Zu izango zara etxeko lehen altzaria.

Hankaluzeari buelta

Oihana Bartra ere, gozatzen, eta gozamena transmititzen. Agurretik bertatik, «nigan badaukat nahiko gogo eta indar/ orain zuen bultzada baino ez dot behar» abestuz. Kartzelakoan, lehen bertsoan hankaluze bat egin eta hala kantatu zuen bigarrena: «Hanka luze bat behin egin eta sortu jatan desoreka/ jende guztiak esaten euztan animo Oihana iepa/ gehiago izan zan presiñoa ta sartu jatan depresiñoa/ horri zelan emon buelta/ sesiñoetan egin ostean makina bat gogoeta/ nire alderdi positiboei ipini deutzet arreta/ nire inguruko pertsona pila nire sendia eta kuadrilla/ ta porkulo txapelketa/ zoriontsua naiz-eta». Hemen izan zen bertze leherketa bat.

Jonek etxean sentitzen zela aitortu zuen, ondoan baitzuen anaia gaztea, Imanol Uria, bera ere fresko, ezusteko ideiekin. Ibon Ajuriagojeaskoak eta Garikoitz Sarriugartek ere ale ederrak utzi zituzten. Hala agurtu zen duela hamar egun aita izan den Ibon: «Orain etxean zain daukat benetako txapelketa».