Lehien denboraldian Zuriñe Arruek bikain jardun du
Amaitu berri den Boulderreko Espainiako Kopan bigarren sailkatu da. Asturiaseko azken probara behin- behineko sailkapenean buru zegoela iritsi zen, baina hitzordu horretan bosgarren postua sinatu zuen.
Zuriñe Arruek Eskaladako Espainiako Txapelketa irabazi zuenean egin genion elkarrizketan azpimarratu genuen denboraldi ederra sinatzen ari zela. Betiere, lehien hitzorduei dagokienez. Soka aldera batera utzita, donostiarra boulderreko FEDMEren zirkuituan, hots, Espainiako Kopan erabat murgildu da. Erregulartasunaren zirkuituak lau proba izan ditu; azkena, azaroaren 29an, Asturiaseko Cangas de Onis herrian.
Hein handi batean, emozioa pil-pilean zegoen; izan ere, behin-behineko sailkapenean Arrue buru genuen. Azken-aurreko lehian, azaroan bertan Madrilen jokatutakoan, Arruek FEDMEk antolatutako boulderreko hitzordu batean lehen garaipena erdietsi zuen. Eta garaipen hari esker, sailkapenean lehen postuan zen.
Protagonista honek GARAri adierazi dioenez, garaipen horrekin oso gustura geratu zen: «Reusekoak eta batez ere Madrileko probak oso ezberdinak izan ziren. Ekipatzaileen artean Marco Jubes zegoen, eta hark, nazioarteko lehietan duen eskarmentuari esker, oso bloke onak proposatu zituen. Egungo Munduko Kopan zein Txapelketan antolatzen diren blokeak ekipatu zituen: helduleku gutxirekin, forma askorekin... Boulderrean asko pentsatu behar da, eta izaera horretako proposamenetan are gehiago».
Azkenean, bigarren
Azaroaren 29an, berriz, laugarren eta azken proba jokatu zen. Asturiaseko ekipatzaileak berriro «ohiko» estilora itzuli ziren. Horretaz gain, panelak ez zuen «joko» asko ematen eta finalerako prestatutako blokeak (lau guztira) errazak ziren.
Arrue ondo lehiatu zen, baina, min hartu eta hiru topekin behar izan zuen konformatu: «Dinamiko batean, azken pausoan hain zuzen ere, eroriko txarra izan eta lepoan min hartu nuen. Ondoren, beldurrez jardun nuen, eta ezin izan nuen bloke hori poltsikoratu. Alabaina, gustura lehiatu nintzen, baina, oro har, finala nahiko eskasa izan zen. Behin-behineko sailkapenean buru nengoen, baina, hala ere, ez nengoen batere urduri. Irabazlearen eta nire artean zegoen puntu aldea txikia zen, eta bagenekien aurretik geratzen zenak urrea eramango zuela. Pena eman zidan, koparen garaipena oso eskura nuelako. Zapore gazi-gozoa geratu zait».
Aipatu dugun bezala, blokeen proposamenei dagokienez, zirkuitu horretan bi estilo izan dira. Lehiakideak dio bietan ondo moldatu dela: «Kontua da ingurumari honetan nazioarteko ezaugarriak dituzten panelak ez ditugula. Jendeak ez du aukerarik forma ezberdin horietan entrenatzeko, baina bloke horiek probatzen dituztenean pozik ateratzen dira. Madrilekoa, adibidez, oso ona izan zen: bai lehiakideentzat bai ikusleentzat ere. Ikusgarritasuna lehenetsi zen!».
Arruek dagoeneko amaitu du lehien denboraldia: «Azkenean, bukatu da! Lehia askotan izan naiz, eta burua erabat nekatu da. Haatik, pozarren nago eginiko denboraldiarekin. Ezer berezirik egin gabe, bikain jardun dut».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
