Ariane KAMIO DURANGO
49. Durangoko Azoka 2014

Niko Etxart eta Maialen Lujanbio; tradizioaren izenean

Transmisioaz aritu ziren atzo Niko Etxart eta Maialen Lujanbio. Rock and-rolla eta bertsolaritza. Lehen begiratuan bateraezinak diruditen bi mundu badira ere, badituzte elkar lotzen dituzten zenbait hari. Tradizioa izan daiteke horietako bat, bi sortzaileen ibilbideetan berebiziko garrantzia izan duen transmisio kulturala, hain zuzen.

Kultura transmisioa. Jasotakoa nola hedatu. Tradizioaren errekastoan behera, Gogoetaren Plazan Niko Etxart eta Maialen Lujanbio. Bi belaunaldi ezberdin, kokaleku eta ingurune ezberdinetan ondutakoak. Biak ala biak apurtzaileak baino «transgresore naturalak».

Etxartek Parisen bizi izan zuen haurtzaroa eta gaztaroaren zati bat. Altzürükütik Parisera joandako aita-amekin eman zituen bizitzaren lehen zatiko urteak, 21 urte bete zituen arte. Rock-and-rolla euskarara eraman zuen lehenengoa izan zen, non eta Parisen, Euskal Herritik 800 bat kilometrora.

Lujanbio errekasto hartan beherago hazitako belar landua da. Hurrengo belaunaldikoa, gutxienez. Baina urratzea ere badaki zer den. 15 urte inguru zituela, herrietako plazetan oholtza gainera igo ziren lehenengo emakumeen artean da. Efektu handia sortu zuen hark. Neskatoa eta gizonezkoak, bat eginda oholtza gainean.

Tradiziotik edan dute euskal kulturako sortzaile biek. Eta jakitun dira aurrekoek transmititu edo helarazi dietenaren garrantziaz. Transgresioa egin dute, berritzaile izan dira, baina gehiegi pentsatu edo hausnartu gabeko erabakiek eraman dituzte euskal kulturgintzaren lehen lerrora. Niko Etxartek ez du bere burua euskal rock-and-rollaren aiton gisa ikusten. Lujanbiok ere, bertsolaritzaren bidean egindako guztiak barnera begira egindako lanak edo hautu pertsonalak izan direla azpimarratu zuen; sekula ez eskaparate moduan erabakitakoak.

Tradizioa, berezkoa

Bertsolaritza eta tradizioaren bat etortzea ukatu ezinezkoa da. «Tradizioaren esentzia» berezkoa du bertsogintzak, Lujanbioren irudiko, baina «paradoxikoa badirudi ere, garaikidetasuna oso bere DNAn du». «Pentsamendu korapilatsutan ibili gabe, bertsotan dabilenak tradizioan ari dela badaki eta momentuan momentukoa darabilenaren sentsazioa ere badu. Hori da bertsogintzaren gaur egungo osasun onaren klabeetako bat», azpimarratu zuen.

Aurreko belaunaldietaraino jo zuen bertsolari hernaniarrak. Eta haien transmisiorako konpromisoa goratu zuen, beraiek eman baitiote bide egun bertsolaritza dagoen moduan egoteari. «Oso eskertua nago aurreko belaunaldiei, bertsolaritza biziarazteko izan duten eskuzabaltasunagatik. Bertsolaritza gotortu beharrean, zabalarazi, berritu eta bizitu nahi izan dute», azaldu zuen.

Berritzailea izan da Lujanbio; berritzaile pertsonala. Bere ibilbidean barrura begira hartutako erabakiak izan direla nabarmendu bazuen ere, jakina da egin duen orok kanpora begira eragin itzela izan duela. Emakumearen gorputza eraman zuen oholtza gainera, gizonezkoz betetako plazan leku bat egin nahian. Gazte hasi zen horrela eta bidean bide eginez, barruan zuen harraren azala gogortzen joan zitzaion, sakonean zuena kanporatzeko beharra sentitzeraino. 2001eko Txapelketa Nagusian eman zuen bere iraultza pertsonalaren laginetako bat. «Uste nuen banuela beste zerbait emateko eta gauzak beste era batera egiteko aukera. Baina ahalegin pertsonala izan da beti, oholtza batean bizi beharrak eta sormen grinak bultzatuta egindako aldaketa izan zen, inola ere ez kanpora begira egindakoa», esan zuen.

Rocka, Parisen

Etxartek, bestalde, rocka eta bertsolaritza josi zituen une batez: «Bertsolaritza eta euskal rocka mugen gainetik gauzak egiteko nazio identitatea izan dira. Bi alor horietan elkar ulertzen dugu iparraldekoek eta hegoaldekoek».

Transmisioa Parisen jaso zuen Etxartek. 21 urtera arte bizi izan zen Estatu frantseseko hiriburuan. Altzürükükoak zituen aita-amekin jaso zuen euskal kantariak bere transmisiorik primarioena. «Nik tradizioarekin ez dut inolako arazorik», esan zuen. Parisen izanda ere, euskara izan zuen ama hizkuntza etxean eta kantari klasikoagoen (Etxahun, Xalbador...) erreferentziak ere jaso zituen. «Gauetan telebista debekatuta zegoen etxean. Gurea kantuan egitea zen eta gauza berriak asmatzea», adierazi zuen.

Bere harra Euskal Herritik urrun piztu zen Etxarten kasuan. Baina ez zen hori muga edo baldintza izan sorkuntzarako. Garaiko egoera beltza eta Hego Euskal Herriko errefuxiatuen ingurua aipatu zituen. «Egoera zaila bizi genuen orduan, baina anaia eta biok ez geunden hain politizatuta», esan zuen. Garaiko hainbat gazteri gertatu moduan, rock zaleak ziren haiek ere; rock zaleak errefuxiatu «gogorren» artean. «Edan genuen Xalbadorretik, baita The Beatles bezalako taldeetatik ere. Gazte ginen eta transgresioa egitea gauza errazagoa izaten da orduan. Guk, euskarazko rocka egitea erabaki genuen, baina planteamenduetan gehiegi sakondu gabe. Modu naturalean eman genituen gure ibilbideko lehenengo pauso haiek», nabarmendu zuen. Urte haietan pentsatu zuen berari gustatzen zitzaiona ondoko belaunaldiek ere atsegin izango zutela; eta denborak arrazoia eman dio.

Hausnartu beharra dago, beraz. Azokaren ereduaz, euskal kulturaz, kulturaz orokorrean... ondo, baina zer jarrera behar da gogoeta egin ahal izateko? Nik uste errealitateari aurrez aurre begiratzen ausartzen denarena.

Azokarekin ere, berdin. Urteroko euforiak eta triunfalismoak alde batera utzi, eta errealitateari heldu beste erremediorik ez zaigu gelditzen. Goazen, bada. Gauzak kulturan eta munduan orokorrean ikaragarri aldatzen ari direla ez dago ukatzerik. Ziztu bizian aldatzen, gainera. Gorka Urbizuk duela gutxi hitz hauekin heldu zion aldaketa itzelaren ardatz bati: «Gaur egun musika kontsumitzen den moduarekin, denak duen abiadarekin, disko hirukoitza atera izanak jarrera bat erakusten du. Beste denbora bat aldarrikatzen dugu. Gaur egun, etengabeko zappingean bizi gara».

«Bota horiekin Donostian ibiltzen direnak polizia sekretuak dira»

Hamasei urterekin ondu zuen, anaiarekin batera, «Izan gira» lan sonatua Niko Etxartek.

Parisen bizi zen orduan, familiarekin. Beltza zen denbora hartako giroa, baina neba eta bera rockari helduta bizi ziren. Naturalki, haiek ere euskarazko rock-and-rolla egitea pentsatu zuten. «Rockeroak ginen!», aldarrikatu zuen Etxartek.

Hego Euskal Herriko errefuxiatu asko ezagutu zituen hiriburu frantsesean, «gehienak oso pentsamolde gogorrekoak». Eta kritikak ere jaso zituzten. «Janzten genituen botekin ere sartzen ziren. Halaxe esaten ziguten: `Donostian boots horiekin janzten direnak polizia sekretuak dira'». A.K.