Jon LEUNDA
Aizkora Hirugarren Mailako finala

Iker Vicente da txapela lortzeko faborito nagusia

Otsagabikoarekin batera, Mindegia, Irazabal, Pellejero, Saralegi eta Urteaga arituko dira nor baino nor, Leitzako Amazabal pilotalekuan, 18.00etan.

Kostata, baina azkenean iritsi da Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko ordua, eta honekin amaituko dira aizkolarien Euskal Herriko txapelketak. Saioa, Leitzako Amazabal pilotalekuan izango da, 18.00etan.

Pasa den udan jokatutako bi kanporaketetako sei aizkolaririk onenak neurtuko dira: Asier Pellejero, Eneko Saralegi, Aitor Urteaga, Iker Vicente, Mieltxo Mindegia eta Aritz Irazabal. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki beharko ditu.

Iker Vicente izango da finaleko gazteena, eta bera izango da txapela lortzeko faborito nagusia ere. Kanporaketan ere bera izan zen onena, eta gainerakoei alde nabarmena kenduta. Izan ere, lau kana-erdiko ebakitzen, bigarrengoari ia minutu eta erdi kendu zizkion. Lana ezberdina izango da gaurko saioan, baina hala ere bera da irabazteko faborito nagusia.

Mieltxo Mindegia da beste faboritoa. Kanporaketako bigarren denborarik onena izan zen berea, eta zaleek Miel Mindegiaren semea ikusten dute Vicenteri aurre egin liezaiokeen bakarrenetekoa. Saria ez da txapeldunarentzat bakarrik izango, bigarren sailkatzen den aizkolariak ere datorren urtean Bigarren Mailan aritzeko txartela lortuko du. Sei finalistetatik lau nafarrak dira, eta Gipuzkoak eta Bizkaiak ordezkari bana izango dute. Ikusmin handia dago eta zaleek erantzun bikaina ematea espero da.