Jon GARMENDIA
Idazlea

Abendura

Abentura bat da beretzat abendura iristea, baina, hilabete horretan sartzen garen aldioro bihotzean zimiko bat sentitzen du. Urteko beste hamaika horietan ez bezala, hilabete osoan festa bailitzan bizi delako jendea. Karrikek poza darie, asfaltoko urratsek abiadura desberdin bat daukate, eta dena dago sentipen, sentimen eta sentikortasunetik hurbilago; bai. Sentitzen dakigun seinale. Behintzat, hitza bere soilean hartu, eta abenduan zenbat lekuetan entzungo den estatistikari erreparatu, inkesta soziologikoak egin bestela, baina huts-hutsean, sentitzea, adjektibo ona dela aitortuko dizute guztiek. Gaizki sentitzen direnek salbu. Hutsuneak hutsune, eta urrunak urrun, zuloa beti baitago betetzeko zain. Baina gertukoan, dena piztuta dago, argitsuago, distiratsuago. Izaiak denda atarietan, erakuslehioak garden, eta koloreak oparietan, plaza erdian arbola handi bat, bere bolatxo eta guzti. Berdin dio etxe askotan argia mozten ari badira, kaleargietan jadanik ez dela lehen bezainbeste gastatzen aitortzen baitu politikariak, eta aberatsek etxe-kanpoak apaindu dituzte bonbila ttipiekin; ustez, herriak ezin duela gehiago eman, haiek abisua jaso dutela, eta testiguari irmo helduta, neguko izpiritua aitzina eramanen dutela. Bueno, aberats ez diren askok ere bai, argi klixkariak kondizio eta klaserik gabeak direla ezin ahantzi. Eta bera, zirkoaren erdian, poz-pozik, edo pozik agertu nahirik, abendua maite duen gizaki arraro gisa. Beharrik publikoan ez duela aitortu beharrik. Politikoki zuzena ez den zerbait bilakatu baita abenduko izpiak maite dituzula erraitea. Eta eliza atarian jartzen da goizean goizik, karitatea biltzeko, ezker eta eskuin. Goi eta behe. Hilabete hau bere sasoia da, turistalekuen abuztuaren parekoa, honela, pobrearen bentajak aprobetxatuko ditu, ohikoan baino txanpon gehiago eskuratuta, beste hamaika hilabetez pobre izaten segitzeko.