Punta Galea Challenge 2014: Lamb garaile eta Rothman buru
Olatu handien munduko itzulian bigarren txapelketa egin zuten pasa den ostegunean Punta Galean. Irabazlea Mic Lamb izan zen, baina rankingeko lehen postuan Makua Rothmanek jarraitzen du.

Bigarren urtez jarraian munduko olatu handietako surflari ezagunenak Punta Galean bildu ziren pasa den ostegunean. Aurten ere, bertako zenbait surflarirekin batera, sekulako ikuskizuna eskaini zuten.
Lehiakideak bikain
Iaz baino olatu narrasagoak izan ziren, eguraldiak eta haizeak ez zuen lagundu, eta txapelketa aste barruan izanda ikusle gutxiago izan zen, baina Munduko Txapelketa izaki Internet bidez zuzenean ikusteko aukera zegoen, eta, horrenbestez, munduko txoko guztietatik Getxoko urautsira so zeuden milaka eta milaka surf zale.
Olatu zailak izan ziren ostegunean, baina lehiakideek maila altua erakutsi zuten. Bertako surflarien artean Natxo Gonzalez bizkaitarraren jarduna azpimarra daiteke; oraindik ez ditu 20 urte eta jada olatu handietan bikain dabilela erakutsi du azken hiru urteotan. Finalerdietan hamarreko olatu bat egin zuen eta finalera iritsi zen. Bosgarren postua eskuratu zuen Plentziako surflari gazteak. Sekulako emaitza da itsasoko baldintzak oso zailak zirela eta munduko onenekin lehian ari zela kontuan hartzen bada.
Punta Galea Challenge lehiaketa Mic Lamb iparamerikarrak irabazi du. Iaz bigarren postuan geratu zen munduko txapeldun izan zen Grant Baker hegoafrikarraren atzetik, baina aurtengoan sekulako finala egin zuen.
Ezohikoa izan arren ezker olatu bat hartu zuen finalean Lambek. Jaitsiera zinez zaila egin eta erortzear izan zen, baina layback baten ostean, ur azalean etzanda zuen bizkarra jaso eta olatuan jarraitu zuen. Olatu horrekin eta eskuin aldera egin zuen beste olatu garbi batekin txapela eskuratu ahal izan zuen.
Horiek horrela, Getxon lortutako garaipenaren ostean hirugarren postuan kokatu da Lamb BWWT olatu handien munduko ranking orokorrean.
Rankingeko lehen postuan Makua Rothman hawaiiarra aurkitzen da egun, uztailean Peruko Pico Alto urautsian egin zen txapelketa irabazi zuen lehiakidea alegia. Bigarren postuan, ostera, Gabriel Villaran perutarra aurkitzen da. Lehiakide honek orain artean egin diren bi txapelketetan finalera iristea lortu du, eta bietan emaitza bera lortu du, laugarren postua eskuratu baitu.
Olatu handien itzulia
Big Wave World Tour (BWWT), olatu handien munduko itzulian aldaketa nabarmenak izan dira aurten. Guztira sei txapelketek osatu dute zirkuitua, baina txapelketak egiteko baldintza zehatzak eman behar dira, olatuan tamaina kasu, eta, horregatik, askotan txapelketa asko egin gabe geratzen dira. Sei txapelketa horietatik hiru hego hemisferioan dira, eta, beste hirurak, berriz, ipar hemisferioan.
Aurtengoan aldaketa esanguratsuenak ipar hemisferioan izan dira; izan ere, orain artean zirkuitu honetan izen eta ospe handienetakoa izan duen txapelketetako bat bertan behera geratu baita, alegia, Mavericksekoa. Horrez gain, Oregoneko Nelscott Reef urautsian egiten zen txapelketa ere zerrendatik ezabatu zuten; beraz, AEBetan egiten ziren bi txapelketak kendu eta horien lekukoa Euskal Herriak eta Hawaiik hartu dute.
Apiriletik abuztura bitartean hego hemisferioan egin ohi diren txapelketekin hasi zen aurten ere zirkuitua. Txile eta Peruko urautsiei Hegoafrika gehitu zaie lehen aldiz. Hego hemisferioan egitekoak ziren txapelketen zerrenda honakoa litzateke beraz: Punta de Lobos (Txile), Pico Alto (Peru) eta Dungeons (Hegoafrika). Itsaskiak ez dira izan lagun, ordea, eta Peruko txapelketa bakarrik egin ahal izan zen.
Ipar hemisferioko itzulia, ostera, 2014ko urriaren 15a eta 2015eko otsailaren 28a bitartean egin behar da. Oraingoz Punta Galeakoa bakarrik egin da, baina hemendik eta martxora bitartean Todos Santos (Mexiko) eta Jawseko (Hawaii) txapelketak egin daitezke behar adinako itsaskiak sartzen badira.
Oraindik bi txapelketa gehiago izan daitezke, beraz. Hori bai, egiten ez badira, rankingean buru denarentzat izango da txapela.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias
