Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Tortura zilegi denean

CIAren torturen auziaz, oro har torturaz, diharduten zenbait artikulu irakurri ditut egunotan. Haietako bi, Mikel Elorzaren «Eraginkorregiak», larunbatean «Berrian» argitaratua, eta Gloria Rekarteren «Ahora toca justificarla», egunkari honetan asteartean irakurria.

Elorzak AEBetako senatari demokraten kexuei erreparatu zien. Haien arabera, CIAk egindako torturak ez ziren eraginkorrak izan. Senatari jaun txit ohoragarri horien ustez, torturatzea itsusia da, baina okerrena, torturak eraginik ez izatea. Elorza -eta ni- ez zetorren bat: tortura eraginkorra omen da. Bai, tortura eraginkorra da, eraginkorra denez. Beti. Beldurra eragiteko tresna gisa, botereak beldurra eragin beharra baitauka, inork zalantzan jarria ez izateko, eta zalantzan jartzen duenak jakin dezan berak ez duela inolako mugarik, ez politiko ez etikorik.

Jende askok uste du torturaren gaineko eztabaidaren gakoa eraginkortasuna dela, ordea. Hara horien tesia: tortura eraginkorra ez bada, ez da zilegi. Baina, esandako moduan, haren zilegitasunaren neurria eraginkortasuna bada, beti da zilegi.

Tortura zilegi da eraginkorra delako... «terrorismoaren» aurka. Terrorismoa ere eraginkorra izan liteke, baina zilegi, inondik inora ere ez, haren helburua edozein dela ere. Are, kontraesan betean, giza eskubideak bermatuko direneko gizartea aldarrikatzen badu ere.

Torturak, gainera, ez du giza eskubideak urratzearen kontraesana, terroristak ez baitira gizon-emakumeak. Terroristak giza kondizioa galdua du. Kendu egin diote (torturatzailerik fanatikoena, ordea, epaitu eta zigortuta ere, gizakia da, batez ere terroristak torturatu baditu, horregatik merezi du gupida eta are indultua ere. Eta, jakina, barkamena).

Gloria Rekartek ekarri zuen adibidea orrialdeotara. Madrilgo egunkari batek bere irakurleen artean egindako inkestaren arabera, %55ek tortura zuritzen du baldin «biktima asko eragingo lituzketen atentatu terroristak saihesteko» egiten bada (eta ez, esate baterako, Israelek ehunka umeren heriotza eragitea saihesteko?), Supermanek mundua salbatzeko eraikin bat eraistea justifikatuta dagoen modu berean.

Badago faktore gehiago fenomeno horretan; esate baterako, «niri ezin lekidake halakorik gerta» delakoa. Eta torturatua terrorista edo terrorismoaren zaku zabalean (ai, amigo) sartzen dituzten horietakoa denean, nahikoa da, onenean, beste aldera begiratzea.