2014/12/22

Irigoienek erakustaldia eman du

Hamar minutuko hiru txandatan 128 jasoaldi eman dizkio 150 kiloko zilindro zaharrari, Zelaik zuen marka sei jasoalditan onduz.

Jon LEUNDA
P038_f01_148x100

Aimar Irigoienek marka ikaragarria egin zuen atzo Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, lehen Zelaik zuen marka sei jasoalditan ondu baitzuen. Guztira 128 jasoaldi eman zizkion 150 kiloko zilindro zaharrari, Manterola Harriari, hamar minutuko hiru txandatan.

Manterolak bere garaian 100 jasoaldi lortu zituen, eta hark zuen marka Zelaik ondu zuen 1987. urtean, 122 jasoaldirekin. Atzo marka hori hobetu zuen Aimarrek, eta berriro ere hobetzea oso zaila izango den errekorra egin zuen errezildarrak.

Jendeak Irigoien gustukoa du, eta atzo ikusi zen, 600 ikusle pasa batu baitziren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan bere lana ikusteko asmoarekin. Bertaratu zirenak ez ziren damutuko, berriro ere Aimarren lan handi bat ikusi baitzuten.

Hasieratik markatutako erritmoari jarraitu zion. Horrela, lehen hamarrekoan 43 jasoaldi lortu zituen. Minutuko lau jasoaldiko erritmoari eutsi zion, azkenekoan sartu zen arte. Orduan zazpi jaso zituen, eta denera 43 jasoaldi jarri zituen markagailuan. Marka ongi apurtzeko bidea hartu zuen, baina beste bi hamarreko falta ziren, eta itxaron beharra zegoen, nahiz eta denek garbi zuten errezildarrak marka handi bat egingo zuela.

Bigarren hamarrekoan ere erritmo bera eraman zuen. Minutuko lau eraman zituen, eta azkeneko minutan aldatu zuen, berriro ere zazpi eman baitzituen, oraingoan ere 43 jasotzeko. Guztira 86, eta hamar minutu geratzen zitzaizkion dena amaitzeko. Tartean, hogei minutuko atsedena ere bazuen.

Azkeneko txandara ere gogoz heldu zen, eta aurreko hamarrekoetako erritmoari eutsi zion, minutuko lau jasoaldirekin, horrela joan zen lehen zortzi minututan. Manterolak zuen 100 jasoaldiko marka sei minutu eta 27 segundo falta zirela ondu zuen, baina helburua Zelairena apurtzea zen. Garbi zegoen zeraman bidearekin arazorik ez zuela izango, eta horrelaxe izan zen, denbora amaitzeko minutu bat eta 17 segundo falta zirenean berdindu baitzuen bizkaitarraren marka, eta minutu bat eta bi segundo falta zirenean, berriz, ondu egin zuen.

Azkeneko bi minutuetan hamar jasoaldi eman zituen, minutuko bost, eta denera 128 jasoaldirekin utzi zuen saioa. Jendeak gehiago eskatzen zion, baina berak nahikoa zela esan zuen, eta txalo artean agurtu zuten errezildarra. Zoriontzen lehena, gainera, Zelai bera izan zen. Bizkaitarra harmailetako lehen lerroan zegoen saioa jarraitzen, eta amaitu bezain azkar plazaratu eta zoriondu zuen Aimar. Irigoienek apurtzen erreza ez den marka ezarri zuen, eta une honetan berak ontzen ez baldin badu, behintzat, ez dirudi beste inork onduko duenik.

«Gustatuko litzaidake marka hau norbaitek berehala apurtzea»

Saioaren amaieran errezildarra oso gustura zegoen, baina garbi utzi zuen gustatuko litzaiokeela marka hau norbaitek azkar apurtzea. «Egia esan badakit ez dela erreza, baina gustatuko litzaidake norbaitek marka hau urte asko baino lehen apurtzea».

Lanean gustura aritu zela ere onartu zuen. «Gustura jardun dut, baina beti izaten duzu azkeneko hamarrekoaren beldurra. Denak ongi bete behar dira, eta uste dut denetan aritu naizela ongi», aitortu zuen. «Behin marka eginda lasaitu egin naiz. Jendeak gehiago eskatzen zidan, baina ez zen erraza. Gorputzez ongi nengoen, baina buruak ezetz zioen», erantsi zuen errezildarrak. Lortutakoa zeini eskainia ere bazeukan. «Nire inguruko guztiei, baina batez ere telleriatarrei. Haiek gabe ez nuen lortzerik izango». J.L.

Jendea. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen atzo Azpeitian, 600 ikusle pasa batu baitziren Izarraitz pilotalekuan, Irigoienen lana ikusteko asmoarekin. Amaieran gustura utzi zituzten guztiek eserlekuak.