J.L.
Aizkora | Bizkaiko finala

Oker handiren bat gertatu ezean txapelak Aitzol Atutxarentzat izan behar du

Aitzol Atutxa buru dela jokatuko da Bizkaiko maila nagusiko finala gaur, Bilboko Areatzan, 12.00etan hasita. Ezuste ikaragarri bat gertatu ezean, Atutxak txapelarekin amaituko du. Bera da aurtengo Euskal Herriko txapelduna ere, eta gainerakoei alde handia kentzen die.

Hala ere, ez da Aitzol bakarrik arituko, berarekin batera Xabier Garcia, Ernesto Ezpeleta Bihurri, Aritz Irazabal, Julen Mendieta eta Julen Larrea neurtuko dira. Aipatu bezala, Atutxa Lehen Mailako Euskal Herriko txapelduna da, eta Irazabal, berriz, Hirugarren Mailako finalean izan da. Besteak maila apalagoan dabiltza; beraz, hor ikusten dira Bizkaian aizkolarien artean dauden ezberdintasunak.

Gabonetako Torneoa

Iker Vicente ez da garaipenak pilatzen aspertzen, izan ere, Egur Sportek antolatu duen Gabonetako Torneoa ere berak irabazi du. Lau aizkolari ziren, eta lehenengo denak denen aurka neurtu ziren, kana-erdiko bat zeinek azkarrago moztu, eta Vicente izan zen onena Eneko Otañoren, Zubiagaren eta Rodriguez II.aren aurretik.

Finalerdietan Vicente II.ak oso erraz hartu zuen mendean Juanillo Rodriguez, eta baita Eneko Otañok Juan Anjel Zubiaga ere. Beraz, finala saioko bi gazteenek jokatu zuten. Bertan, Iker Vicente arazorik gabe nagusitu zen, txapela jantziz eta Eneko Otaño bigarren postuan utziz. Hirugarren eta laugarren posturako deman, Rodriguez II.ak irabazi egin zion Zubiagari. Segoviarra hirugarren sailkatu zen eta arabarra laugarren.