Jon GARMENDIA Idazlea

Printze Txikia

Beste askotan bezala, maite zaitut esanda eskegi duzu telefonoa. Eta gutxitan bezala, arrotz bat hasi zaizu hizketan, treneko eserleku ondoko emakumea. Badira esaldi antologikoak, memorian iltzatzen zaizkizunak, filmetan, kantuetan, eta liburuetan atzematen dituzunak. Bizitzaren isla direla, ispilua bailiran, hala iruditzen zaizu zuri. Lerroan ezarritako hitz bakan horiek, batzuetan, azkenaldiko gertakarien azalpen bilakatzen zaizkizu. Antzinako zauri eta orbainen lekuko bestela. Eta etorkizuna kausitzen duzu hitzokin beste batzuetan, edo behintzat, eman beharreko urratsak aurreikusten dituzu, hartu beharreko norabidea. Halako bat jaulki dizu ondoko emakumeak, maitatzea ez dela kasualitate bat esanda.

Maitasuna ez dela norbaitekin egon nahi izatea, edo haren babesa desiratzea. Libre egiten zaituela maitasunak, horretxegatik dagoela diferentzia maitatzetik maitatzera. «Aimer» erabili du emakumeak, frantsesa baita, eta telefonoz agurtzean esan duzun maite zaitut hori nola kristo ulertu duen pentsatzen jarri zara, hizketan horregatik hasi zaizula iruditu baitzaizu. Antoine de Saint-Exupery hegazkinlariak idatzitako «Le Petit Prince» etorri zaizu burura orduan, arrosari maite duela nola esaten dion, eta arrosak, berak ere maite duela erantzuten diola, baina bere maitatzeko manera desberdina dela esaten diola azkenik Printze Txikiak. Eta hor, bien maitatzeko manerak desberdintzen dituen azalpenekin lotzen da printzea. Gaztelerazko «querer» eta «amar» artean egon daitekeen diferentzia agertzen. Emakumeak hizketan segitu du, zuk, begiekin jarraika sortutako hari mehe gisa entzun baduzu ere, baiezkoen imintzioka zeniharduen bitartean urruneko lekuetan ibili baitzara. Iritsi da trena geltokira, Gabon on batzuk opaz emakumea agurtu, eta telefonoa hartu duzu berriro, Gabonetan mezu bat igorriko diezunei begirada bat bota diozu, maite duzula nori esango diozun ziurtatzeko.