Surfa hil zen eguna
Amaitu dira surfa gainontzeko kiroletatik bereiz zitekeela esaten genuen garaiak. Brasildarrek irabazi dute eta futbolaren parekoa den eredu bat gailendu da Guztiok gara paradigma aldaketa honen erantzule. Okerrerako izan dela dioten aldaketa honek dimentsio bakarreko milioika surflariren babesa izan du. Eta, batzuek, «progreso» deitzen dute....

Amaitu dira surfa gainontzeko kiroletatik bereiz zitekeela esaten genuen garaiak. Futbola bezalako masa kirolen ondoan, surfak bestelako kutsu sakonagorik bazuela uste zutenek pena handiz ikusiko zituzten pasa den ostiral gaueko Pipeline Masters txapelketako irudiak. Brasildarrek irabazi dute, eta bide batez eredu bat gailenarazi dute, urte luzeetan surflari askok ekidin nahi izan duten eredua, futbola bezalako kirolak kirola ez beste edozertan bilakatzen dituen modelo arima gabea.
Hawaiiarrek egiten zutena, «he'enalu» delakoa, estatubatuarrek «surf» bilakatu zuten egunean eman zen lehen paradigma aldaketa. Jada, garrantzitsua ez zen «gizakiak olatuarekin bat egitea» edo «gizakia, olatu bilakatzea», ez, aurrerantzean, olatua «mendean hartu» behar zen, eta horretarako, ordura arteko ohitura guztien kontra taulak aldatu behar baziren, ez zegoen arazorik. «Progreso» deitu zuten.
Mende batez aldaketa andana eman zen taulen forma eta osagaiei dagokienez. «Surfaren demokratizazioa» deitu zutena etorri zen gero. Alegia, taula merkeagoak, neoprenoei esker urte osoan surf egiteko aukera, eta abar. «Surfa denen eskura».
Txapelketak ere hasi ziren; hastapenetan, olatu gainean egiten zen denbora neurtzen zen. Guztia neurgarria zela esaten zen, zientziaren urrezko urteak izan ziren. Buzo zuriak ilargira eta bonba nuklearrak arerioen lurretara bidaltzen hasi ziren garaia. Hori ere «progreso» deitu zuten.
Txapelketen etorrerarekin, ordea, hawaiiarrek jarri ez zituzten oztopoak jartzen saiatu ziren «surfa sortu» omen zuten aitzindarietako asko. Izan ere, haiek hawaiiarren arima akabatu zutela bazekiten arren, bestelako arima bat eraiki zutelakoan zeuden, eta haien harribitxia gainontzeko kirolen pareko bilakatzen bazen, hil egingo zela iragartzen zuten.
Azken bost hamarkadetan ikuspegi horrek indar handia izan du surf munduan, baita lehiaketan ere. Horregatik, Australia, Hawaii edo AEBetako surf eskoletan «surfaren kultura» deitzen dutena irakasten saiatu izan dira -alegia, kultura estatubatuarra-. Lehiaketan ere bestelako balore batzuk ezarri eta indartzeko ahalegin andana egin da, baina ez da lortu. Egun, nork daki Duke Kahanamoku edo Nat Young nortzuk ziren?
Orain kexu dira «soul surfer» delakoak; «brasildarrek ez dute kontzeptua ongi ulertzen», diote, «ez dago errespeturik surfaren oinarrizko arau eta usadioekiko». Noski, beste batzuk gailendu dira, brasildarrak kasu honetan, baina haiek, baita herrialde bezala ere, estatubatuarren eredua kopiatu baino ez dute egin (kapitalista), eta joko arau berberen arabera jardun dute. Orain ez du balio datorrena hutsala dela eta surfak zuen alde espirituala akabatu dela esateak. Errazena multinazional, federazio eta markei errua botatzea da, baina paradigma aldaketa honek luze jo du eta guztiok hartu dugu parte modu batean edo bestean. Okerrerako izan dela dioten aldaketa honek dimentsio bakarreko milioika surflariren babesa izan du. Eta, batzuek, «progreso» deitzen dute...

1986: más secretos oficiales tras Zabalza y los GAL

Primer paso para garantizar el plurilingüismo en las instituciones

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7
