Atutxak beste abiadura batean mozten ditu enborrak
Bigarren sailkatutako Mendietari bederatzi minutu pasako aldea kendu dio.

Aitzol Atutxak oso erraz lortu zuen atzo Bizkaiko txapela, amaieran bigarren sailkatu zen Mendietari bederatzi minutu pasako aldea kendu baitzion. Bihurri izan zen sailkapena itxi zuen aizkolaria, eta honek datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko du. Jendearen erantzuna ere ikaragarria izan zen, jendetza handia batu baitzen finala ikusteko. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.
Gaur egun Bizkaian Atutxatik gainerakoengana sekulako aldea dago, eta atzo ere argi ikusi ahal izan zen. Egungo Euskal Herriko txapeldunak ez zuen guztia eman beharrik izan, eta hala ere ia hamar minutuko tartea egon zen bigarrengoarekiko. Lehen enborrean hartu zuen abantaila, eta ondoren erritmoari jarraitu bakarrik egin zion, bai baitzekien txapela beretzat izango zela. Hortik atzera ez zen aparteko alderik egon, eta postu batzuk erabakitzeko emozioa ere izan zen. Mendietak bigarren postua hartu zuenetik, horri eutsi nahi izan zion, eta honek ere arazorik gabe lortu zuen helburua.
Hirugarren postua garesti egon zen, hamahiru segundoko tartea bakarrik egon baitzen Garciaren eta Irazabalen artean. Azkenean Garciak lortu zuen podiumean sartzea. Atzoko finalean bien artean alde handiegirik ez dagoela ikusi zen. Maila ez galtzeko ere borroka polita izan zuten Larrea gazteak eta Bihurrik. Azkenean, ordea, Larreak aurrea hartu zion, eta Bihurri beteranoak galduko du maila. Gaixo egon berria da eibartarra, eta azkenean horrek ematen duen ordaina ere jaso zuen atzoko saioan zehar.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
