J.L.
PILOTA

Ezkurrak eta Ducassouk jokatuko dute finala

Paxkal Ezkurrak eta Battitte Ducassouk jokatuko dute datorren igande arratsaldean Donibane Garazin Superprestige txapelketako finala, atzo jokatu zituzten bi finalerdietan garaile atera baitziren. Eurak ziren faboritoak, eta dirua ere alde izan zuten, baina Ezkurrak asko sufritu behar izan zuen irabazteko. Urruñako atzelaria, gainera, finaletik kanpo geratzetik ere oso gertu egon zen, 37-39 galtzen ere aritu baitzen; amaieran, baina, 40-39 irabazi zion Bilbao gazteari.

Emozioz beterikoa izan zen finalerdi hau, eta azkenean 74 minutuan erabaki behar izan zuten auzia. Hasieratik ikusi zen norgehiagoka oso orekatua izango zela, eta berdinketak ere ugari izan ziren partidan zehar, nahiz eta pilotari bakoitzak bere bolada ere izan zuen.

Ezkurra izan zen aldea atera zuen aurrenekoa, eta 13-6 jarri zen markagailuan, baina Bilbaok orduan ekin zion bere bolada onari, eta sekulakoa izan zuen, gainera, 3-20ko partziala lortu baitzuen, 16-26ko emaitza jarriz markagailuan.

Une horretan dirua bere alde ere jartzen hasi zen, baina hurrengo bolada, bakarka askotan izaten den moduan, berriro ere Ezkurrarena izan zen, eta 14-1eko partziala lortu zuen, norgehiagoka 27-27 jartzeko. Hortik aurrera berdinketa ugari izan ziren, baina Bilbao bukaerara primeran iritsi zen, 37-39 aurretik izan baitzen. Partida bukatzeko aukera bat baino gehiago izan zituen, baina ez zuen asmatu, eta azkenean Ezkurrak buelta eman zion partidari, finala jokatzeko txartela eskuratuz. Bilbaori eskarmentua falta izan zitzaion.

Saketik bederatzi tanto egin zituen Ezkurrak, eta bi gehiago Bilbaok. Jokoan 26 eta 24 egin zituzten hurrenez hurren, eta, galdu, lau eta bost. Markagailua honela joan zen: 1-1, 2-2, 3-3, 6-6, 13-6, 14-14, 16-26, 27-27, 32-32, 35-32, 35-35, 37-37, 37-39, 39-39 eta 40-39.

Emozio gutxiago izan zen bigarren finalerdian. Hor Ducasou II.ak 40 eta 29 irabazi zion Larralderi, 64 minututan. Ducassou zen faboritoa, eta hasieratik hartu zuen aurrea markagailuan, nahiz eta zortzigarren kintzean hasi zen aldeak ateratzen.

Hortik aurrera bidea nahiko erraza izan zuen, eta behin bederatzi edo hamar tantoko aldea lortu zuenean ez zuen barkatu, bukaeran 11 tantoko aldearekin finalerdiari amaiera emateko. Saketik 11 tanto egin zituen Ducassouk, eta lau besterik ez Larraldek. Markagailua honela joan zen: 4-0, 4-4, 5-5, 6-6, 7-7, 8-8, 17-10, 19-11, 25-14, 30-22, 38-23 eta 40-29.