Iritsi da Ducassou gaztearen txanda
Dirua oso nabarmen atera zen bere alde, eta Ezkurraren aurka ez zuen barkatu. Badirudi hemendik aurrera zaila izango dela berari txapelak kentzea.

DUCASSOU II 40
EZKURRA 32
Ez zen ezusterik izan, eta Battitte Ducassouk irabazi zuen Buruz Buruko Superprestijioa, eta aise bereganatu zuen, gainera, ia hasieratik bera izan baitzen nagusi, eta hastear dagoen Buruz Buruko Txapelketa irabazteko ere faborito nagusia dela erakutsi zuen.
Emaitzak bestelakorik ematen badu ere, finala ez zen ona izan, oso hotza izan zela ere esan daiteke. Hastapenetik jarri zen aurretik faboritoa, nahiz eta Paxkal Ezkurrak hiru aldiz berdindu zuen bosgarren kintzea baino lehen.
Hortik aurrera, ordea, neurketa erabaki egin zen, 13-6ko partziala lortu zuen gazteak, eta 17-10 jarri zuen markagailuan. Hortik aurrera Battittek bere aldeari eutsi egin zion, eta hori egitearekin nahikoa izan zuen garaipena erdiesteko.
Ducassouk gehiegi behartu gabe egiten zituen kintzeak, eta Ezkurrari aldiz, ikaragarri kostatzen zitzaion. Urruñako atzelaria ez dago bere unerik onenean, eta finala jokatu duen arren, atzo ere agerian utzi zuen. Finalerdietan ia kanpoan geratu zen, eta atzo garaipena lortzetik urruti ibili zen.
Ducassouk izan zuen alderik handiena hamabi tantokoa izan zen, 23-11, eta Paxkalek alde hori laburtu zuen arren, inoiz ez zuen Ducassouren garaipena arriskuan jarri. Horrelakoetan ohikoa den moduan, zaleek behin dena erabakita zegoela ikusi zutenean, Ezkurrak zenbat egingo zituen jakitean zegoen gakoa, eta Urruñako atzelariak markagailua dezente itxuratu zuen, amaieran 32 tanto egin baitzituen.
Sakean ere alde handi samarra egon zen, txapeldunak bost gehiago lortu zituen. Hori bai, Ezkurrak oso tanto gutxi galdu zituen, bat besterik ez. Ducassouk, aldiz, zazpi galdu zituen, eta dezente behartuz gero, azkarregi galdu zuen kintzea, eta hori izan daiteke bere bainarik handiena.
Behin Superprestijioa amaituta, Buruz Burukoaren txanda iritsiko da. Hain zuzen, datorren asteburuan hasiko da. Zenbait zurrumurru eta zalantza izan dira, baina azkenean Waltari bertan izango da. Ikusiko da zein baldintzetan arituko den, izan eren, lesioa izan zuenetik oso maila kaskarrean ari da, eta orain ikaragarrizko aldaketaren bat egin ezean, ez zaio txapela irabazteko inongo aukerarik ikusten.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
