GARA

Parisi euskal presoak ez Espainiaratzeko gutunak

Estatu frantsesak euskal presoak Espainiaratu nahi dituela eta horrek «de facto» dispertsioa aplikatzea dakarrela salatu du herritar talde batek Tolosaldean. Hori ekidin nahian, Christiane Taubira Justizia ministro frantsesari gutun bidalketa masiboa egitea erabaki dute.

Gutunak bidaliko dizkiote Tolosaldeko herritarrek Justizia ministro frantsesari, Christiane Taubirari, euskal preso politikoak Espainiaratu ez ditzan. Larunbatean aurkeztu zuten ekimena Tolosan. Zehazki, eskualdeko hiru preso babesteko aurrera eramaten ari diren ekimenetako bat da gutunena. Andoni Goikoetxea gazteluarra, Maite Aranalde ibartarra eta Luis Iruretagoiena Suni tolosarra dira Estatu frantsesean preso dauden Tolosaldeko lagunak.

Beren senide eta lagunek, Madrilek martxan duen dispertsio politika eta Parisek eman nahi duen pausoa salatzeko, frantziar Justizia ministroari gutun bidalketa masiboa egitea erabaki dute. Eskutitzak bidali dituzte Administraziora, Espainiaratzeak «de facto» dispertsioa aplikatzea ekarriko lukeela azalduz.

Agerraldian jakinarazi zutenez, behin epaituak izan ondoren Estatu frantsesean zigorra betetzen ari diren presoak kondena espainiar espetxeetan betetzeko erabakia hartu du Justizia frantsesak.

Europako legediak ahalbidetzen duen neurria da, eta berriki Estatu espainolaren barne legedian jasotakoa. François Hollandek eta Mariano Rajoyk egindako bilerek intentzio hori begi bistan jarri dute, Tolosaldeko lagun hauen iritziz.

Arazoa kendu nahi

Prentsaurrekoan agertu zutenez, neurri honekin Parisek arazo bat esku artetik kendu nahi du, euskal gatazka eta bere ondorioak Madrilen esku utziz. Mugimendu hauek egitea ez dute edozein momentutan erabaki: Tolosaldeko herritarrek oroitu zutenez, azken urte hauetan, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako jendartean harreman politika sakona izan da eta Euskal Herriko gatazkaren konponbidean indar anitzek bat egin dute, tartean Parisko Gobernuko alderdietako kideek.

Ikasturte hasieran adostutako Baionako Adierazpenak bide horretan sakontzen duela eta euskal presoen auzian irtenbide integralak exijitzen dituela gaineratu zuten.

Baina frantses Estatuak etxe barrutik datozkion eskariei jaramon egin baino arazoa eskuz aldatzea erabaki duela kritikatu zuten. «Gaur-gaurkoz, Espainiako espetxe politikak ez ditu presoen eskubideak bermatzen. Alderantziz, gatazka betikotzeko erreminta dira beretzat eta horretxegatik orain 25 urte diseinatutako dispertsio politikari atxikita jarraitzen du», egin zuten irakurketa.

Izatekotan, leku aldaketa hauek euskal presoen Euskal Herriratzea bermatu beharko luketela aldarrikatu zuten Tolosaldeko lagunek, «gizalegezkoa delako eta araudi guztiek halaxe diotelako».