Jon LEUNDA
Aizkora

Mindegiak eta Lopezek azkeneko aukera dute

Binakako Urrezko Aizkoran aurrera egiteko azkeneko aukera izango dute Juanjo Lopezek eta Mieltxo Mindegiak, lehen jardunaldian galdu egin baitzuten. Gaur, 17.00etan, Asteasuko pilotalekuan neurtuko dira Olasagastiren eta Etxeberriaren aurka. Pasa den igandeko garaipenaren ostean, Igeldoko aizkolari handia berriro ikusteko parada izango da gaur. Lan ezberdinak egin beharko dituzte saioan zehar.

Gainera, Gabonetako harri-jasotze torneoa ere jokatuko dute leku berean. Izeta III.a eta Izeta VI.a Urruzunoren eta Ostolatzaren aurka neurtuko dira. 125 kiloko errektangularra, pisu bereko zilindro kopa, 100eko zilindro zaharra eta pisu bereko bola izango dituzte lanerako. Bikote bakoitzak hiruna minutuko txandak izango ditu, eta amaieran kilorik gehien jaso dituen bikoteak eramango du garaipena. Aizkolariekin tartekatuz arituko dira lanean.