Ariane KAMIO DONOSTIA

Historia, paisaia eta kultura, Euskal Herriaren bueltan

Kolore berdearekin lotu ohi den Euskal Herriaz harago, bada herrialde gorrixka bat, baita urtean hilabete batzuez zuriz janzten den beste bat ere. Geografia fisikoaz gaindi, Euskal Herriak bere txikitasunean gizakiak sortutako ondare oparoa du, euskara edo kultura, kasu. Ezagutzen al ditugu, baina, gure zazpi lurraldeak? «Euskal Herria» liburuak atea zabalik du.

Zer da Euskal Herria? Galdera zaila erantzun bakarrerako. Hedaduraz herrialde txikia bada ere, oparoa da geografikoki, historikoki eta kulturalki duen ondarea. Gastronomia ere tartean sartu beharko, Euskal Herriaren inguruko klixe nagusienetakoa baldin bada behintzat.

Zer da Euskal Herria? País Vasco, Pays Basque, Euskadi... Aldaera, esapide eta, era berean, izaera politiko desberdinak hartzen dituen izena da. Gipuzkoa, Araba eta Bizkaia da batzuentzat; Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea txertatzen dituen Pirinio Atlantikoak, besteentzat. Horiek guztiak eta Nafarroaren baturaz zazpiak bat, askorentzat.

Galderei erantzuna eman eta Euskal Herriaren alor desberdinak liburu bakarrean bildu ditu Hektor Ortegak. Izenburua, «Euskal Herria», lau hizkuntzatan (gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez ere argitaratu da) Elkar Fundazioak kaleratutako lana. Hiru ardatz nagusi ditu: Historia, paisaia eta kultura.

Ikusgarriak dira barnean gordetzen dituen irudiak. Baina ez da argazki liburu bat; argi dio Ortegak berak. «Liburu dotore baten bitartez Euskal Herria ezagutzera ematea da helburua, bai hemen bizi garenoi, baita atzerritik datozenei edo gure herriarengan interesa dutenei», azaldu du.

Lehenengo atalean, mapa politikoan Euskal Herria zer den azaldu du Ortegak. «Batzuek esaten dute Euskal Herririk ez dagoela, ez dela existitzen, eta guk nahi izan dugu zehaztu zer den Euskal Herria, herri bezala eta eremu fisiko moduan».

Izen dantza argituta, geografia fisikoari zabaltzen dio atea. Mendiak, itsasoa, ibaiak, klimak... Aniztasunaren erakusleak. «Askotan Euskal Herriaren irudi bat eskatzen badigute, beti etortzen zaigu burura Euskal Herri berdearen irudia, baina horretaz gain, badaude beste Euskal Herri batzuk ere. Euskal Herri gorrixka bat, hegoalderago dagoena, baita zuri bat ere, gure mendirik garaienetan ikusten duguna», zehaztu du.

Hedaduraz herri txikia izanik ere, «oso zabala» dela nabarmendu du Ortegak. «Baditugu basamortuak, baditugu oihanak eta baditugu sei edo zazpi hilabetez zuriz tindatuta egoten diren mendiak», arrazoitu du.

36ko gerra eta garai berria

Testuen egilea izan da Ortega, eta Alberto Muro egon da, kasu gehienetan, argazki kameraren atzean. Fauna eta landaredia, industria, ekonomia, herriaren demografia... arlo guztien errepasoa dakar liburuak.

Gizakiak sortutako ondareak badu garrantzi berezirik. Historia, euskara, euskal literatura, ahozko literatura, zinema, antzerkia, mitologia, kirola, artea, jaiak, gastronomia... Banan-banan jorratutakoak denak.

Behe Paleolitotik gaurdainoko ibilbideari eskaintzen dio begirada. «Ez da oso begirada sakona, ezinezkoa litzateke. Euskal Herria liburu honetan dagoena baino gehiago da. Aukeraketa bat egin dugu, gauzarik funtsezkoenak aurkezteko. Pizgarri bat izan nahi du. Izan ere, ezagutzen ez dena maitatzea oso gauza zaila da», nabarmendu du.

Ez da turismoa erakarri nahi duen liburu hutsala. Nahiz eta argazki ikusgarriek erakargarritasun zama handia duten, herriaren nortasunaren zertzelada zenbait ere eransten ditu. Euskararen inguruan sortu diren mugimenduei ere tartea zabaltzen die. Bi urtetik behin Euskal Herri osoa zeharkatzen duen Korrika edo ikastolen alde egiten diren jaialdiak (Kilometroak, Nafarroa Oinez...) ere alearen osagaien artean dira.

Esan bezala, Behe Paleolitotik gaur egunera artekoa da egiten duen ibilbidea, Erdi Aroko bizimodua, ideologia nazionalistaren sorrera eta independentzia aipatzen diren gaien artean dira. Eta, bide horretan, Euskal Herriaren historiaren orrialde lazgarrienetan ere egiten du geldialdia. 36ko gerra izan daiteke adibideetako bat. Gernikako bonbardaketa da liburuan jasotzen den historia garaikideko sarraskietako bat eta guda hark, oro har, Euskal Herrian izan zuen eraginaren erakusle ere bada. «Euskal Herrian garai berezia izan zen. Hegoaldean Gerra Zibil espainola, eta Iparraldean, Bigarren Mundu Gerra. Gertaerarik aipagarrienak bildu ditugu urte horien bueltan. Esaterako, lehenengo emakumeak ikus ditzakegu botoa ematen, 1933an», adierazi du.

Azken atalak, «Oinazetik itxaropenera» delakoak, diktadura garaia eta ETAren borroka armatua hartzen ditu. Atzetik, ondoren etorri den garai berria, indarkeriaren behin betiko etetearekin zabaldutakoa. «Azken urte hauetan gertatu den gatazkaren gertakari nagusiak bildu ditugu eta iradokitzen dugu edo atea zabalik uzten dugu etorkizunean gerta daitekeenaren inguruan», agertu du. Ilustrazioan laguntzeko, iragan ekainean Gure Esku Dagok antolatutako giza katearen irudia.