GARA

C hepatitisarentzako botika bermatzeko eskatu dio oposizioak nafar Gobernuari

Nafarroako Parlamentuak adierazpena aurkeztu du C hepatitisa duten pertsona guztientzako antibiral berriak segurtatzeko. Eskaera horrekin, itxialdia hasiko dute eritasuna duten lagunek Iruñeko Bideko Ama Birjinaren Ospitalean, eta elkarretaratzea eginen dute Bilbon.

PSN, EH Bildu, Aralar, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai talde parlamentariek adierazpen instituzionala kaleratu zuten atzo C hepatitisa duten lagun guztiek eragin zuzeneko antibiral berriak eskuragarri izan ditzaten. Nafarroako Gobernuari gaixo guztiei tratamendua segurtatzeko eskatu zioten.

Adierazpen horretan «presazkoa eta erabat beharrezkotzat» jotzen dute C hepatitisaren aurkako botika erabiltzeko protokolo bat definitzea, sendagaien kostua gaixoentzako horiek eskuratzeko harresi izan ez dadin. Era berean, aditu klinikoen eta pazienteen elkarteen iritziak kontuan hartuz, Osasun Sailari estrategia berri bat garatzeko eskatzen diote. Oposizioko taldeen iritziz, eritasuna aurreratua duten lagunek sendagai berriak berehala hartu ahal izatea izan beharko litzateke helburua, tartean zirrosia dutenak, transplantea egiteko itxaron zerrendan daudenak eta egindako terapiei erantzuten ez dietenak.

Azkenik, nafar Parlamentuak C hepatitisa duten pertsonen elkarteen aldarrikapenekin bat egiten du adierazpenean, baita GIBaz kutsatutako lagunekin lan egiten duten gobernuz kanpoko erakundeen eskaerekin ere. Talde parlamentariek Marta Vera Osasun sailburuak hitz egitea ere eskatu dute, digestioko eta infekzio gaixotasunetako buruekin batera.

Giza eskubideen auzia

PSNko Samuel Carok baieztatu zuenez, «giza eskubideen auzia» da hau eta «ezin da gehiago atzeratu» pertsona hauek «behar den bezala» zaintzea.

Transplantea egina duten eta gaitz hepatikoak dituzten lagunen Atehna elkarteak emandako datuen arabera, Nafarroan 6.000 pertsona inguru egon daitezke C hepatitisak kutsatuta. Horietatik 700-1.200ek garatu dute zirrosia.

Izquierda-Ezkerra taldetik, Maria de Simonek azaldu zuen sendagaia errezetatzeko irizpide bakarrak medikuarena izan behar duela eta, beraz, ez dutela lekurik motibo ekonomikoek.

Sendagaiak guztien eskuragarri egon daitezen, itxialdia iragarri zuten gaurko C hepatitisak erasandako pertsonek. Bideko Ama Birjinaren Ospitaleko protestan, Osasun Sailari eskatuko diote Madrilen irizpena aplikatzeari uzteko, «tratamendu berriak mugatzen dituelako hepatologoen beren irizpideen kontra». Eragin zuzeneko antibiral berriak izanen dituzte hizpide, %90eko sendatze tasa duena eta «dirurik ez dagoela esanez aplikatzen ez dutena». «Dramatikoa» da hori erientzat.

Protesta Bilbon ere

Bizkaiko hiriburura ere ailegatuko da gaur aldarrikapena, eta sendagai berriak denen eskura egotea eskatuko dute, 11.00etan Plaza Zirkularrean. C hepatitisak jotako lagunen Bizkaiko Plataforma orain dela aste bat sortu zen eta hau izanen du lehenbiziko ekintza, Madrilen eginen den martxarekin bat eginez. Bertan, eritasuna duen lagun talde bat itxita dago abenduaren 18tik Doce de Octubre erietxean.

Madrilen izanen da, adibidez, Jesus Gine legazpiarra, C hepatitisa duena, eta Eferi azaldu zionez, Osakidetzak Sovaldi sendagai berria emateko urtebete zain daramana.