Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Hil ondoren...

Txabi Arnal idazle eta irakasleak bere doktorego tesian zera zioen, heriotza tabua dela haurrentzat; gaur egungo gizartean ez diegula heriotzaren berri ematen, ez ditugula heriotzaren aurrean prestatzen haurrak. Eta ondoren, heriotzaz ari diren zenbait album aztertu zituen.

Alaine Agirreren ipuin hau heriotzari buruzkoa bada, baina baita beste kontu askori buruzkoa ere bai. Iloba batek, Ikerrek, aitonarekin duen harremanari buruzko istorio hunkigarria dugu ipuina. Erresidentziara bisita egitera doanean hasten da «aititak ezagutzen ez nauelako plantak egiten ditu, eta gurasoek zein amamak sinetsi egiten diote; baina nik badakit jolasean ari dela». Ikerren eta aititaren arteko harremana jolasa da haurrarentzat; aitonak, aldiz, alzheimer gaixotasunaren ondorioz jokatzen du horrela.

Erresidentziara eginiko bisitaren berri emanez hasten da ipuina; baina, ondoren, Ikerrek aititaren berri emango digu; nola joaten zen bere bila eskolatik irteterakoan, nola jaten zituzten sugusak eta izozkiak erdi ezkutuan, nola hasi zen makila baten laguntzarekin ibiltzen, taka-takarekin ondoren eta aulkian azkenean... eta prozesu horretan guztian nola aritu zen Iker aitita konbentzitzeko. Narrazio sinplea da, xamurra, goxotasuna eta kariñoa darion kontakizuna.

Eta istorioaren tonuarekin bat eginez konparazio poetikoak darabiltza Alainek: «Begi urdin bietan itsaso bana zuelarik etorri zitzaidan amona». Bestalde, estilo errepikakor eta zainduaren bidez, egileak ipuinaren erritmo motelean sartzen gaitu, denborak aurrera egiten duena adierazteko, «nire lehengo zapatak txikiagoak zirelako» edo «nire zapatak txikitzen joan ziren, edo neure oinak handitzen» eta «nire zapatak are txikiago egin ziren, edo nire oinak handiago» bezalako esaldiak erabiliz. Era berean, estilo horren ondorioz ikusiko dugu aitonaren borondatea nola aldatzen duen Ikerrek jeloskor jarriz behin eta berriro.

Baina horretaz gain, Iker eta aitonaren arteko eguneroko harremanak, elkarrizketek... osatzen dute liburuaren nondik norakoa. Bitxia eta ederra, aitonak haurtzaroko pasadizoak gogoratzen dituenean. «Ardiak barkuz garraiatzen genituen? -Bai, ba! Baporez -erantzun zidan aitonak, urrunera begiratuz-. Baporeek azkura ematen diote itsasoari; baporeak itsasoaren zorriak dira».

Egileak baina, ez digu dena kontatuko, irakurleak osatu beharko du istorioa: «Ateko zirrikitutik ikusi nuen amona, guri begira, malkoak masailetan behera labaintzen zitzaizkiola. Ez nuen ulertu zergatik zegoen negarrez, aitona eta biok pozik bageunden». Eta, horrela, kontatzen denarekin eta ez denarekin osatuko dugu aitonaren istorioa.

Ikerren aitona hil egingo da; edo «joan», mutikoari esaten dioten moduan. Eta orduan Ikerrek behin eta berriro errepikatuko du galdera bera: «Nora joan da aitona?». Ipuinaren amaierako bi atal laburrek erantzuna ematen diote Ikerren galderari, bai eta heriotzaren inguruko hausnarketarako proposamen bat gehiago eskaini ere, Arnalek zioen gai tabu hau naturaltasunez jorratu eta komenta dezagun etxeko txikiekin.