GARA RIAD

Lagunak zein etsaiak joan dira Riadera saudtarrei doluminak agertzera

Mundu osoko agintariak joan ziren atzo Riad Saudi Arabiako hiriburura Salman errege berriari doluminak agertzera. Nabarmentzekoa da Mohammad Javad Zarif irandar kantzilerraren bisita.

Barack Obama AEBetako presidenteak bere agenda aldatu du Riadera joan ahal izateko. Gaur bertan joango da Indiara, baina bertan uste baino denbora gutxiago egingo du, asteartean Saudi Arabiara joateko, Etxe Zuriak atzo jakinarazi zuenez. Michelle emaztearekin batera joango da «AEBetako herriaren izenean» atsekabea erakustera.

François Hollande frantses presidentea, Britainia Handiko David Cameron lehen ministroa eta Karlos printzea, Felipe errege espainola eta Mohammad Javad Zarif Irango Atzerri ministroa ere egunotan Riadera joan diren agintarien artean ageri dira. Irandarra atzo bertan iritsi zen. Ekialde Hurbileko eremuan nagusi izan nahi duten bi potentzietako ordezkarien artean horrelako bisitak oso gutxitan izan dira.

Ostiralean hil zen Abdullah bin Abdulaziz aurreko erregea eta egun berean ehortzi zuten gorpua Turki imanaren meskitan. Herrialde musulman batzuetako agintariak bertan izan ziren. Ekitaldi xumea bukatu eta berehala iritsi zen Mahmud Abbas palestinar presidentea.

Saudi Arabia AEBen aliatu garrantzitsuenetako bat izan da azken hamarkadotan. Ipar Amerikako aliatuak behar duen petrolio guztia emateko prest dago herrialde arabiarra. Trukean, Washingtonek onartu egiten dio giza eskubideen alorrean munduko herrialde atzeratuenetako bat izatea: adierazpen askatasunik ez dago eta, datu argigarri moduan, emakumeek autoa gidatzea debekatuta dute.

Egunotan Mendebaldeko hedabideek Raef Badauiy blogariaren kasua ekarri dute gogora. Mila zigorrada jasotzera zigortu zuten, islama iraintzeagatik. Orain bi aste lehenengo 50 zigorrada jaso zituen, baina medikuek diote oraindik ahulegi dagoela beste 50 hartu ahal izateko. Hamar urteko kartzela zigorra ere ezarri zioten. Berlinek bere esku dagoena egingo duela agindu du.