EH Bilduk eta PSEk planto egin dute Osasun Batzordean Lakuaren jarrera salatzeko
Rebeka Uberak eta Blanca Roncalek Gasteizko Gobernuak Osasun eta Kontsumo Batzordea «propaganda» egiteko erabiltzen duela salatu zuten atzo. Carmelo Barrioren konplizitatea ere kritikatu zuten.

Gasteizko Gobernuak Osasun eta Kontsumo Batzordea «propaganda» egiteko erabiltzen duela salatu zuten atzo EH Bildu eta PSEko legebiltzarkide Rebeka Uberak eta Blanca Roncalek. «Oposizioko taldeok egiten ditugun agerraldiak atzeratzen eta Jaurlaritzak egiten dituen ekimenak eztabaidatzen dira, dagokien ordena errespetatu gabe. Ezin ditugu eztabaidatu Gobernuaren kudeaketa kaskarra agerian uzten duten ekimenak, Lakuaren agendak batzordearen funtzionamendua goitik behera baldintzatzen duelako», deitoratu zuen Uberak, atzoko bileran parte hartzeari uko egin ondotik.
Prentsaurreko batean adierazi zutenez, Iñigo Urkulluren Gobernuak bere onurarako erabiltzen du Osasun eta Kontsumo Batzordea, PPren laguntzarekin. Izan ere, batzordearen presidenteak, Carmelo Barriok, ez ditu kontuan hartu taldeek pairatzen duten egoera «jasangaitz hau» gelditzeko asmoz helarazi dizkioten idatziak. «Guk ez dugu batzordearen lana oztopatu nahi. Batzordeari dagokion zeregina berreskuratu nahi dugu, talde guztien ekimenak eztabaidatuz», azaldu zuen Uberak, salatutako gatazka laster konpontzea espero duela gaineratuta. Alde horretatik, batzordearen gai zerrenda talde politikoen nahien arabera antolatuz gero, atzera bileretan parte hartuko luketela iragarri zuen Roncalek.
EAJren erantzuna
EAJk eta PPk bertan behera utzi behar izan zuten atzoko batzordea, EH Bildu eta PSEren ekimenagatik. Izan ere, UPyDko legebiltzarkide Gorka Maneiro ez zegoenez ez zuen quorumik lortu.
EAJko legebiltzarkideak haserre agertu eta EH Bilduk eta PSEk salatutakoa gezurtatu zuten. «Hamar agerralditatik bi eskatu ditu Jaurlaritzak. Gainerakoak oposizioak eskatu ditu», adierazi zuen Kerman Orbegozok, Gobernuaren agerraldi askok Legebiltzarrak onartutako aginduei erantzun dietela ohartarazita.
Osasun eta Kontsumo Batzordeko ordezkari jeltzaleak jakinari zuenez, batzordeko Mahaia ostegunean batzartu zen EH Bilduk eta PSEk erregistratu zuten idatzia aztertzeko, eta, dirudienez, agerraldiak berrantolatzeko konpromisoa hartu zuen. Halaber, PSEk atzoko batzordera etorriko zela agindu zuen. «Baina PSEk ez du bere hitza bete, eta nahiago izan du errespetu falta adierazi demokraziari eta erakunde honi, UPyD ez zela etorriko baliatuta», esan zuen.
Barriok, ostera, ez zuen baieztatu PSEk batzordean parte hartzeko konpromisoa hartu zuenik, baina harridura agertu zuen EH Bilduk eta PSEk hartutako erabakiaren aurrean.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
