Amalur ARTOLA DONOSTIA

Jon Zabaleta, hitzekin esan ezin zena irudien bidez adierazi duen sortzailea

Euskalgintzaren munduan ezaguna da Jon Zabaletaren izena. Euskararen izenean denetik ilustratzea tokatu zaio, hasi karteletatik, segi muraletatik eta pegatinetaraino iritsita. Goxotasunez oroitzen ditu prentsa idatzirako aldarrikapenez betetako tira komikoak egiten zitueneko garaiak, baina batik bat haur literaturan egindako lanagatik da ezaguna. Donostiako Aiete Kultur Etxeko Ilustratzaileen Txokoan ikus daiteke 40 urtean zehar egin duen lanaren lagin bat.

Donostiako Aiete Kultur Etxeak txoko txiki bat eskaini ohi die ilustratzaileei, irudien bidez hitzak beste, edo gehiago, adieraztera iristen diren sortzaile horiei. Horietako bat da Jon Zabaleta (Hernani, 1950). 40 urtean zehar egindako lanen artean arakatuta, harribitxiz jositako erakusketa osatu du. Ez omen da lan erraza izan: kartelak, muralak, disko azalak, tira komikoak, liburuak, pegatinak... Irudia jarri ahal zaion orori eskaini dio bere eskua Zabaletak eta, urteetan egindako lanaren truke, Dabilen Elea saria jaso zuen iazko abenduan.

«Orain, pentsatzen dudanean, zirkulu bat itxi dudala sentitzen dut. Sariak, eta erakusketa honek, ilustrazioan hasi nintzenean sentitzen nuen irrika berriro sentitzea ekarri du. Eta atera ditut urteetan zehar hor barruan gordeta izan ditudan arantzak», aitortu du Zabaletak, erakusketarako hautatu dituen lanak erakusten dizkigun bitartean.

Bertan daude «Ipurbeltz»-erako egindako lanetariko batzuk, haur literaturako zenbait liburu (ehundik gora ilustratu ditu), «Egin»-erako egindako umore grafikozko tirak, ilustratu dituen diskoak, «Xixupika» haur psikomotrizitatea lantzeko disko-liburuak... baita egun haurrekin lantzen dituen eskulanen zenbait eredu ere.

Paper bazterreko artelanak

Eskolan, paper bazterretan marrazten zuten horietakoa zen Zabaleta. Oraindik ere ondo gogoan du eskola orduetan marraztutako koadernoa harrapatu ziotenekoa: «Irakasleen karikatura mordoa egin nituen, baita erlijiokoarena ere... Susto ederra eman zidaten. Baina urteekin jakin dut irakasleen gelako altxorra zela, hari begira barrez ederki ibiliak direla...», dio irribarrez.

Marrazketa teknikoan trebatu eta inprenta batean hasi zen lanean, baina arteak erakartzen zuen, sormenak, eta 1971n Debako Arte Eskolako atea jotzea erabaki zuen: «Garai hartarako gizarte mugimendu ezberdinentzat lanak eta muralak egiten hasia nintzen, jaietarako, kultur asteetarako, eta abar. Beti euskal giro baten barnean, eta garbi nuen hori bera egiten jarraitu behar nuela. Debako Arte Eskola esperimentala zen oraindik, arteaz hitz egiten genuen, jendea mugitzen zuen eta atzean Oteiza zegoen, guretzat bidegilea zena. Nire lekuan nengoela sentitu nuen, niretzat marraztea arnasa hartzea bezalakoa izan delako: derrigorrezkoa».

Azkenaldian, Dabilen Elea saria eman ziotenetik batik bat, atzera begira jarri eta hausnarketa prozesu batean bildu dela aitortu du. 70 eta 80ko hamarkadak izan ditu gogoan, Francoren heriotzaren ostean sortutako giroa, gizarte mugimenduen sorrera, adierazteko beharra. «Gure mundua, ikurrak, eta ikur horiek duten indarra azpimarratzea oso inportantea zen. Protesta egitea, gauzei punta ateratzea. Eta umore grafikoak hitzik gabe adierazteko modua ematen zidan. Garai hartan bizi genuen errepresioa izugarria zen, guk sentitzen genuena geure buruari ere ezin genion azaldu, etxean ere ezin genuen zenbait gauzaz hitz egin, eta, horren aurrean, paper zuriak mundua ireki eta eraikitzeko izugarrizko aukera ematen zizun. Barrua askatzeko bidea zen aldi berean».

Marraztera «beharrak» bultzatu duela dio, «bai nireak, baita eskatzen zidatenenak ere». Hala, ezinegon hark bultzatuta, herrigintza eta euskalgintzarako lan ugari egin zituen garai batean. «Karteladak oso inportanteak ziren. Orduan, kartelak ateratzeko ere baimena eskatu beharra zegoen. Eskuz eta banan-banan egiten genituen, leloak ere geuk asmatzen genituen eta normalean euskara izaten genuen aldarrikapenen zutabea. Muralak ere modan zeuden, obretarako jartzen zituzten hesietan marrazten genuen, enkarguz pegatinak ere atera izan ditut, presoen, amnistiaren eta abarren inguruan...», oroitu du.

Hurrengo pausoa disko azalen arloan eman zuen, batez ere Haizea musika taldearekin, baina nagusiki prentsan egindako lana du gogoan. Begiek dir-dir egiten diote Ilustratzaileen Txokoko apalategietan dauden binetak begiratzen dituenean. «76ko udazkenean estreinatu nintzen, `Berriak' izeneko aldizkari batean. Futbolean bezala, jubeniletatik hasi, erregionaletik pasa eta, prentsarekin, lehen mailan jokatzen ari nintzela sentitu nuen. `Egin'-en hasi nintzen gero, 77an. 40.000 irakurle izaten zituen garai hartan. Oso momentu polita zen, itxaropentsua», gogoratu du. Hamarkada haietan ilustrazioak indarra zuela nabarmendu du. Hitzek baino gehiago. «Gauzak bere lekuan jartzen joan diren heinean hitzak inportanteak izan diren bezala, garai hartan ikurrek zuten garrantzia».

Umorea eta aldarrikapena uztartuz osatu zituen tira komikoak hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu ziren. Aipatutakoez gain, «Zeruko Argia», «Euskadi Sioux», «Euskaldunon Egunkaria» eta «Habe» izan zituen euskarri, besteren artean.

Bere sorkuntza batik bat ilustraziora bideratuta egon bada ere, sentitzen zuena komunikatzeko behar horretan esperimentazio bide berrien bila ere aritua da Zabaleta. Hala, lapitz, errotuladore eta margoak eszenatokiekin partekatu izan ditu: mimika landu izan du, hori ere hitzik gabeko artea: «Nire bizitzan harridura oso inportantea izan da beti. Eta hori hitzik gabe topatu dut. Neure burua inguruan dudanagatik harritu dadin uzten dut, eta aldi berean besteengan harritura sortzen saiatzen naiz. Harridura hori bizitzen. Garai hartan euskarazko antzerkia gutxi lantzen zen, eta, ustekabean ia, mimo lanetan hasi nintzen». Haizea euskal folk musika taldearen kontzertuetan parte hartu izan zuen, esaterako, atsedenetan bere ikuskizuna eskainiz.

Haur literaturako «klasiko» bat

Baina Zabaleta zerbaitegatik ezaguna bada, euskarazko haur literaturan egindako lanagatik da. 80ko hamarkadan ekin zion. «Urte horietan hasi ziren argitaletxeak sortzen, `Ipurbeltz' euskal komikia ere sortu zen... Eta liburuak ilustratzen hasi nintzen, baina hor ere euskal munduari helduta». Besteren artean, Bernardo Atxaga, Xabier Mendiguren, Antton Kazabon, Mariasun Landa, Joxan Ormazabal, Txiliku eta Arantxa Iturberen kontakizunei jarri die irudia, guztira ehundik gora izenbururi. Guztiak gordetzen ditu, «txukun-txukun, plastikozko kaxetan. Baita originalak ere, sobreetan sartuta», dio, harrotasunez.

Haur ilustrazioan egin duen lanaren bereizgarri dira barraskiloak, elefanteak eta ilargiak. «Ikurrak dira. Nire bizitzan zehar neure buruarekin bakarka egotea tokatu izan zait eta, nolabait, denbora horretan irudikatu ditudan elementuak direla uste dut. Afektiboak, nahi baduzu. Inguruan dituzunekin lotura magiko horiek sortzeko balio dutenak. Askotan pentsatu dut barraskiloa etxea dela; leku finko bat ez badu ere, hor doa bere etxearekin, batetik bestera. Elefantearena berezia da: uste dut txikitan Hernanira zirku bat etorri eta, ukuiluan, elefantea ikusi nuela. Azaltzeko gai ez naizen haurtzaroko bidaia baten emaitza dela uste dut. Animalia handia da elefantea, hor dago beti, babesten... `handien' mundukoa da. Eta ilargia, tira, gure ispilua dela sinistu izan dut beti: zuk nahi baduzu, zeure burua ikus dezakezula ilargian. Zure lagun handiena dela», amaitu du.

IRUDIGINTZA

70-80ko hamarkadetan irudiak bestela adierazi ezin zena esateko baliatu ohi ziren: «Garai hartan bizi genuen errepresioa izugarria zen eta, horren aurrean, paper zuriak mundua ireki eta eraikitzeko izugarrizko aukera ematen zigun».

HARRIDURA

«Nire bizitzan harridura oso inportantea izan da. Eta hori hitzik gabe topatu dut. Neure burua inguruan dudanagatik harritu dadin uzten dut, eta aldi berean besteengan harridura sortzen saiatzen naiz. Harridura hori bizitzen», azaldu du.

IRUDIAK

Zabaletaren ikurgintzan ohikoak dira elefanteak, ilargiak eta barraskiloak. «Ilargia gure ispilua dela sinistu izan dut beti: zuk nahi baduzu, zeure burua ikus dezakezula ilargian. Zure lagun handiena dela», dio Zabaletak.