Asun AGIRIANO
Literatur kritikaria
HAUR LITERATURA

Mundua ikasten


Badira urte batzuk Koldo Izagirre idazlearen «Zangozikin» (Igela, 2009) album ilustratua hizpide hartu genuela. Pasaiako idazle oparoak ia genero guztiak landu ditu: poesia, narrazioa, eleberria, kronika, itzulpena, eta baita, oraingo honetan bezala, gazte literatura. Bi liburu ditut gogoan: «Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak» (Elkar, 1992) eta «Hortzak galtzen zituen kantaria» (Elkar, 2006), biak ezohikoak, umore eta ironiaz gozaturik.

«Dumitru» oso bestelako jantziaz aurkezten zaigu: etorkinak, identitatea, krisia... Gaur egun gizartean pil-pilean dauden gaiak ageri dira gazteei zuzendutako eleberri labur honetan. Narrazio urbanoa da, eleberri soziala izendaturiko generokoa. Pertsonaiak hauexek dira: kalean soinua jotzen duen Cosmi musikari errumaniarra; merkatuan Mohamed saltzaileari fruta erosten dion Felisa etxekoandrea; Dumitru gaztea, iPhone bat lapurtu duelakoan poliziak atxilotu duena, Dumitru euskalduna hitzez eta bizitzaz, Berri Txarrak entzun eta txamarra beltza soinean daramana, injustizia ezagutuko duena. Baita Olatz, eskolako laguna, eta haren ama, Marta, lantegian arazoekin dabilena.

Pertsonaien inguruan arazo pertsonalak eta sozialak biltzen dira. Euren istorioak puzzle baten piezak izango balira bezala aurkezten zaizkigu eta irakurleari osatze lana eskatzen zaio: Felisa da Olatzen amona, Cosmi Dumitruren aita... Forma aldetik badu narrazioak berritasunik, bost kapitulutan egituratua, eta gogoetan murgilduta utziko gaituen sarrera iradokitzailea bakoitzean, arrainak eta Danubio errekaren istorioa lotzen duen alegoria irudikatuz. Danubio urdina ezaguna; gaur egun, ordea, lokatzaren erruz, beltza bihurtu dena. Osagai hauek guztiek erritmo arina ematen diote irakurketari. Apaindurarik gabeko estiloa, gordina, batzuetan ukitu poetikoa agertu arren. Begiak ez ixteko gogoratzen digu Izagirrek, eguneroko errealitateak lekukoak behar dituela. Injustiziaren aurka gazteek duten erantzuteko ahalmenari heltzen dio. Gazteak beti dauka ekiteko indarra eta bihotza. Neketsuagoak dira helduen ardurak «triste egoteko gogoa daukat», dio Martak, «baina ez daukat eskubiderik. Ikasi egin behar dut indartsua izaten, iluntasunetik irteten». Hitza eta eztabaidarako lekuak azaltzen dira eleberrian, gizartearen jokalekuak: eskola, lantegia, kalea. Sarea lotzen duen haria errealitatea da, eta biltzen dituen gaiak egungo gizartean ikusten ditugun osagaiak dira, bazterketa soziala, aurreiritzien indarra etorkinak gizarteratzeko orduan, eta horien aurrean betiko balioak: adiskidetasuna, elkartasuna, amodioa. Bizitzan den legez, maitasuna da motorra eleberrian. Eta beldurra, aldamenekoa zigortzeko arrazoia.

Amaieran, kartzela saihesteko senideen lurraldera ihes egiten du Dumitruk. Eskolako adiskideek maite dute, Olatzek bereziki. Institutuan gelako asanblada egingo dute, ikasle bat arbelera hurbildu, eta «Denok gara Dumitru» idatziko du. Jokabide desberdinak azalduko dira, denek ez baitute gertatutakoa berdintsu ikusten, irakasle batek esango die «inportantea dela hitz egitea, argudiatzea, iritziak lantzea eta usteak alderatzea». Mundua ikasten ari dira, errealitatean kokatzen.

Gazte literaturan dagoen hutsune handia betetzera dator irakurketa interesgarri hau, euskal gazte literaturaren panorama urria aberastera modu berezi eta arriskutsu batean.