Eta greziarrek ezagutu zuten Wolfgang Schäuble, Europako buru hautatu gabea
(...) Europan Wolfgang Schäublek agintzen du bere kadira gurpildunetik. Eta Schaüblek inkisidore puritano protestanteen -herejeak kixkaltzen ez baitira bakarrak izan katolikoak- hoztasunarekin irakurri dio kondena Yanis Varufakisi: edo hartu edo utzi, baina platera bakarreko manua daukazu. Kito.
Ez etorri Schäublerengana Grezian demokratikoki hautatu zaituztela eta istorio, Alemaniak ere baditu hautesleek emandako aginduak, eta alemanen gehiengoak -hedabide nagusiek ondo hezita, hori bai- ez du nahi Grezia alferrari zorrak pagatzerik. Eskuzabaltasuna erakutsi nahian, edo Atenaseko agintariak gehiago umiliatzeko, ogasuneko 500 inspektore eskaini dizkie Schäublek, herritarren sosak eta azken odol tantak hobeto jezten lagundu diezaioten.
Varufakisek hitzez hitz erakutsi digu europarroi aurrean daukagun mamu bat: «Alemaniarrek beste inork baino hobeto dakite zer gertatzen den finantz arazoak daudenean eta nazio harro bat denbora luzez umiliatzen denean». Hitler eta naziez ari zen. «Greziako legebiltzar berrian hirugarren indarra ez da alderdi neonazi bat, alderdi nazi bat da». Baina ez Schäuble eta ez Europako aginte nagusiak daude, nonbait, oharrok entzuteko. Schäuble ez da artaldeko ahari bitxi bat: Europak lehendakari ipini berri du paradisu fiskal bat non eta Europan bertan -Luxenburgon- antolatu duen Jean-Claude Juncker.
Atenasko Syntagma plazan milaka greziar bildu ziren bart beren gobernuaren alde oihu egitera. Europako oligarkiaren kalkulua da, ezkerrak irabaztea eragotzi ezin izan duenez, datozen sei hilabeteotan Syntagmako plaza Greziako gobernuaren kontra sutzea. Bost axola kalteak.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
