Surflari Ernegatua

Nor dago kutsatuta?

Boladetan, ez zaizkit gauzak nahi bezala ateratzen. Txikikeria handiena ere korapilo bihurtzen da. Txanponak erortzen zaizkit zulotxo arrailduetatik, giltzak galtzen ditut, firma bakarreko dokumentuak, aurpegiak, izenak eta hitzak desagertzen zaizkit. Eta horrela nabil, galeraz galera. Ez dut bilatzen dudana aurkitzen eta aurkitzen dudana galtzen dut. Halakoetan, beldur naiz, sakelako txanponak bezala, deskuidu batean, bizia bera ere eroriko ez ote zaidan. Baina lasai, beti dago okerrago dagoen beste norbait.

Zenbaitek, idazleen klubean sartu nahi nau, eta nik garbi daukat idazle ez naizela, hain zuzen ere, idazle banintz, daukadan abenturen «ridikulum vitae» luzea izango ez nukeelako. Pasa den astean esaterako, birus txar batek barrenak lehertu zizkidan. Ahotik hatsik botatzeko indarrik ez eta ipurditik pixa egiteko mililitro bat gehiago ez nuenean, txortan egiteko beti forman ez gaudela ikasi nuen. Serum likidoa zainetan izan nuen egun pare batez, gusturik gabeko platano gozoa jan nuen arte. Birusa, antza, aspaldian izan den itsaso kutsatuenean surf egiten ari nintzela nahigabean hartu nuen trago luze baten ondorioa izan zen.

Pasa den abenduaren 23an, Barry Ault, 71 urteko estatubatuarra surf egiteko asmotan esnatu zen. Gosaltzen ari zela entzun zuen irratia, euriteen ostean kostaldea zikin zela eta ez itsasoratzeko gomendioa luzatzen zuten autoritateek. Mende erdi surf egiten zeraman Ault jaunak, ordea, halako egun bat itsasoratzeko aproposa zela pentsatu zuen. Ault eta bere lagunak Sunset Cliffs izeneko urautsian aritu ziren surf egiten. Guztiek izan zituzten gripearen antzeko sintomak uretatik atera ostean, guztiek egin zioten aurre gaitz madarikatu hari, baina Barry Ault bakterio ñimiño batek eraman zuen. Medikuek bere heriotza egiaztatu zuten, «estafilokoko infekzio bortitz batengatik» hil zen.

Beti dago okerrago dagoen norbait, eta horrek kontsolatzen gaitu. Nik ez dakit egiaz uraren kalitate txarrak eritu ninduen edo ez. Dakidana da, halakoak gertatzea posible dela, sona handikoak ez izan arren intoxikazio kasuak izan direla surflarien artean, eta aurrerantzean ere, gehiago edo gutxiago, larritasun handiagokoak edo txikiagokoak, izango direla.

Egun batean Gipuzkoan izan nintzen eta hurrengoan Lapurdiko urautsi batean. Bi kasuetan ura errekakoa baino zikinagoa zegoen, alegia, marroia ez, beltza. Ez nekiena da, han, egur, plastiko, bizi gabeko animalia eta zernahiren artean, giza gorputzik ere aurki zitekeenik. Surf egiten aritu ginen lekutik metro gutxira agertu baitzen emakume baten hilotza. Bidarten, Erretegia hondartzan paseatzen ari zen gizonezko batek atzeman zuen, ez bururik eta ez eskurik ez zuen gorpua.

Batzuk itsasoan hiltzen dira, besteak hilda botatzen dituzte, eta besteak itsasoa ikusi ere egin gabe joaten dira. Beti dago gu baino okerrago dagoen norbait. Gizaki gisa horrek lasaitzen gaitu, gu pozik egoteko, besteak gaizki ikusi behar baititugu. Nor dago kutsatuagoa, itsasoa edo gizakia?