Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Surfa

Australian Life's Oakley Big Wave Awards 2015

2014-2015ko sasoian Australian hartutako olatu handien irudiak saritu dituzte.

Australian egiten den Surfing Life's Oakley Big Wave Awards txapelketaren antolatzaileek 2014-2015ko sasoiko irabazleak nortzuk izan diren aditzera eman dute. Kategoria guztietan australiarrak izan dira garaile. Guztira lau txapeldun izan dira.

Australiako urautsietan urtean zehar surflariek hartzen dituzten olatu handietako irudiak ongi aztertu ostean, hautatuak nortzuk diren esaten dute lehenik epaileek, eta azkenik, hautatuen artean irabazleak nortzuk diren argitaratzen da.

Australian eta australiarrentzat egiten den txapelketa izan arren, parte hartzea irekia da; hau da, atzerritar batek ere jaso dezake saria, baldin eta aurkeztutako irudia Australiako urautsi batean hartua bada.

Sariak lau mailatan sailkatzen dira. Olatu handienaren saria, arraun eginda hartutako olatu handiena, slab handiena, eta aurten, lehen aldiz, ikusleek aukeratutako lehiakidearen saria ere izan da.

Jarryd Fosterrek irabazi zuen olatu handienaren saria, Cow Bombie urautsian hartutako olatu erraldoi bati esker. Sari hau da garrantzitsuena edo ospe handiena duena behinik behin. Irabazleak 20.000 dolar australiar jasotzen ditu.

Fosterrek, txekea eskuan zuela, honela hitz egin zuen: «Lan kontuengatik Australia mendebaldean izan nintzen denbora tarte txiki batean, baina orduan itsaski handi hori sartu zen. Halako tamainarekin Cow Bombie inoiz ez nuen hain garbi ikusi, haize fin eta leunarekin. Ur jantzi eta taula bat lortzeko galdezka aritu nintzen eta zorte handia izan nuen, uretako motorrekin surf egiteko aukera eskaini baitzidaten. Horrela hartu nuen olatu hura, eta handiena izan zen».

Arraun eginda hartutako olatu handiena Marcos Visser surflariak hartu zuen. Visserrek aurrez izan zen itsaski handi bat galdu zuen hileta batera joan behar izan zuelako, baina itsaski indartsu bat berriz sartu zen egunean ez zuen itsasoratzeko aukera galdu.

Marrazoz inguratuta, Cow Bombieko uretan eseri eta pazientzia handiz olatu eder baten zain egon ondoren, lortu zuen hori iristea, eta horrela irabazi ahal izan zuen 5.000 dolarreko saria.

Visserrek bere esperientzia kontatu zuen sari banaketan: «Olatu horretan, hasieran itxi egingo zuela pentsatu nuen, baina gero gainaldea begiratu eta proba egitea erabaki nuen. Olatua jaitsi ostean ia aparra gainean nuela egin nuen azpiko bira eta olatuaren magal aldera jo nuenean Jamie ikusi nuen. Berak ere olatu bera hartu zuen, baina kanaletik gertuago».

Slab handienaren (Bigest Slab) saria, berriz, Chris Roosek irabazi zuen. Slab esaten zaio uhin batek hondoan den laja topatu ostean altxatzen den olatu motari. Sakonera handiko uretatik ur gutxiko eremu batera pasatzean olatuak sekulako tuboa egiten du, eta olatu mota hau surf egiteko oso zaila izaten da.

Rossek halako lekuetan izaten den arriskua oso ongi azaltzen du: «The Right bezalako urautsi batean erortzen bazara, uharri gainera bota zaitzake ur masak eta hamar metro behera ere joan zaitezke, tinpanoak hautsi eta ur azalera itzultzeko bidea aurkitzen zailtasunak izan ditzakezu. Gainera, mota honetako olatuek gandor oso indartsua izaten dute eta buruan joz gero, auskalo zer gerta dakizukeen».

Hamahiru urteko historia duen txapelketa honetan, ikusleei parte hartzeko aukera eman zaie lehendabiziko aldiz eta gehiengoak Justen Alport surflaria hautatu zuen beraien saria jaso zezan. Ikusleen botoei esker Mentawai irletarako bidaia irabazi zuen Alportek.

Honi buruzko guztia: Surfa