Maitane ALDANONDO Urdazubi

Urdazubiko Etxelekuak betiko gazta munduko onenen artera eraman du

Belaunaldietako tradizioari jarraituz, bengoetxea-lastiritarrek artzaintza eta gaztagintza dituzte ogibide. Ekoizpen bide berrituekin, ardi eta behi gazta saltzen dute Bengoetxea eta Etxelekua izenekin. Urteetako lan gogorrak sari ugari jaso ditu, gurean nahiz nazioartean.

Artzain eta gaztagile familia da bengoetxea-lastiritarrena. Urdazubiko Etxelekua baserri inguruko larreetan ardiak hazi eta horien esnearekin gazta egiten dute. Hasieran, gazta etxerako eta senideentzako zen. Kanpokoek erosteko nahia agertzean, ordea, prozesua industrializatzea erabaki zuten. Belaunaldietako ohitura ogibide bilakatu zutela mende laurden egingo du aurten. Manuel Bengoetxea, Isabel Lastiri eta Xabier eta Ana Mari seme-alabak dira Etxelekua eta Bengoetxea gazten arduradunak. Azaroan Londresen izandako World Cheese Awards lehiaketan 7. postua lortu zuen nafarrek egindako gazta batek.

2009an aurkeztu ziren lehenengoz munduko sariketara, Idiazabal jatorri izendapenak bultzatuta. Bengoetxea esnekiek aintzatespen ugari jaso dituzte urteotan eta, 2014an, Etxelekua gazta ere aurkeztea erabaki zuten. Lau aleetako bi munduko 50 onenen artean sartu ziren, eta Bengoetxeak 7. postua lortu zuen, gainera. «Apiril inguruan egindakoak ziren, sei-zazpi hilabetekoak. Ez ziren hain freskoak, jada ontzen hasiak ziren, baina ez sobera lehorrak», azaldu du Ana Marik. Sari batzuk irabaziak dira Nafarroan nahiz Euskal Herrian, baina gaztagileak dioenez, aitortza berezia izan da lehiaketakoa. «Asko da guretzat, poz eta ohore handia da. Beti saiatzen zara lanak ondo egiten, eta beti saiatu behar duzu, baina halako gauzek gehiago egiteko gogoa ematen dizute. Lanbide hain gogorra eta lotua da. Animaliekin ari bazara, gaztarekin bazabiltza eta salmenta zuzena baduzu, hemen egon behar duzu».

Etxelekua baserrian gazta beti egin izan dute, baina Lastirik eman zion bultzada. «Ama Erratzun bizi zen eta han beti egin izan dute gazta. Hemen ere, baina aitarekin ezkondu eta hona etorri zenetik, gehiago», azaldu du Ana Marik. Etxerako eta senideentzat egin ohi zuten. Saldu ahal izateko, 1990ean, Osasun Ministerioaren betekizunetara egokitu ziren. Moldaketak behartuak izan baziren ere, abantailak ekarri dizkietela uste du gaztagileak. «Gaztak antzekoagoak dira. Lehen, gazta ganbaran altxatzen genuen, eta orain, kameretan. Hezetasuna eta tenperatura kontrola dezakegu. Horrek kalitate eta ezaugarri berak izaten laguntzen du». Lauren artean banatua dute lana, nahiz eta beharren arabera elkarri lagundu. Aita eta semea ardiez arduratzen dira. Ama eta alaba, berriz, gazta egiteaz.

Ardiak dira prozesuaren sorburua eta, hein batean, gakoa. «Garrantzitsua da ongi zaintzea, bereziki, janaria. Ardi latxak dira eta asko gustatzen zaie belarretan egotea. Horrek eragina du esnearen kalitatean». 600 bat dituzte artaldean, eta etxe ondoko larreetan zein Zugarramurdi eta Urdazubi inguruko mendietan ibiltzen dira. Esnearen eta ardien kalitatearen erakusgarri, sari ugari dituzte gaztandegiko saltokian. Urtean 8.000-10.000 kilo esne ekoizten dute. Ia dena gaztatarako erabiltzen dute, eta zati txiki bat, saltzeko. Iraila eta azaroa bitartean atseden hartzen dute, baina gainerako hilabeteetan esnekia prestatzen dute.

«Batzuei lehorragoa gustatzen zaie eta besteei hezeagoa», zehaztu du Ana Marik. Etxelekua eta Bengoetxea izenekin ekoizten badute ere, gazta bera da. «Alde bakarra Bengoetxeak kontrol gehiago pasatu dituela da, 2005etik jatorri izendapena duelako. Horrek beti zuzen-zuzen eramaten ditu gauza guztiak eta, gero ere, sona handiagoa du». Etxelekua izenarekin behi gazta ere saltzen dute. Horrekin geroago hasi zirela gogoratu du gaztagileak. «Kamioilari greba izan zen eta ez zuten behi esnea eramaten. Harekin gazta egiten hasi ginen». Lan guztiekin jarraitu ezin zutenez, behiak kendu zituzten eta esnea auzotarrei erosten diete.

8.000 kilo ardi gazta eta 5.000 bat kilo behi gazta saltzen dute urtean. Nagusiki, gaztandegian eta herriaren 30 kilometroren bueltan dauden saltokietan. Bertako jendeak eta turistak erosi ohi diete. Ana Mariren hitzetan, «turismoari begirako tokia da hau. Azken boladan Zugarramurdi ezaguna egin da eta hara joaten direnetako batzuk etortzen dira». Salmenten beste pizgarri garrantzitsua World Cheese Awards-etako saria izan da. Komunikabideetan oihartzuna izan dute eta ezagunago egin dira. «Eguberri inguruan izan zenez, jendeak oparitzeko erosi du. Batzuei gustatu zaie eta etorri dira. Hor nabaritu dugu gehiago mugitu dela», aitortu du gaztagileak. Estatu mailan saltzen dute gehien, baina Artzain Gazta Elkartearen bidez, Ingalaterran, Amerikako Estatu Batuetan eta Parisen ere saldu dituzte beraien ekoizpenak.

World Cheese Awards, munduko gazta onenak

Ingalaterrako The Guide of Fine Food gidak antolatzen du urtero World Cheese Awards lehiaketa. Iazko azaroaren 14an Londresen egindako azken sariketan, Idiazabal jatorri izendapena duten 25 gaztak parte hartu zuten. Orotara, 29 domina jaso zituzten. Horrez gain, Urdazubiko Etxelekua gaztandegiko Bengoetxea gaztetako batek sailkapeneko 7. postua lortu zuen; eta horrekin, Espainiako gazta onenaren saria.

Alorreko sari garrantzitsuenak dira eta 2.600 gaztak parte hartu zuten. Motaren arabera banatuta, 26 herrialdetako 250 dastatzailek sail bakoitzeko hiru onenak aukeratzen dituzte. Hauei urrezko, zilarrezko eta brontzezko domina eman diete. Jarraian, urrea lortu dutenetako 50 hautatu, eta super gold izendatzen dituzte. Azkenik, hauetatik 16 onenen sailkapena egiten dute. Antolatzaileen nahia 2016an lehiaketa Donostian egitea da, Europako Kultur Hiriburutzarekin bat eginez.