Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
SURFA | Lehiaketa

Hasi da Australian WSL itzuliko lehen txapelketa

Lehen mailako itzulia hasi da eta munduko lehiakide onenak Australian dira.

Pasa den astean izan zen Australian titulu mundialak jasotzeko ekitaldia. Coolangattan bildu ziren iaz lehen mailan aritu ziren lehiakideak. Gabriel Medinak jaso zuen mutilen WSL saria, eta nesken kasuan berriz, Stephanie Gilmore izan zen garaikur preziatua jasotzeko oholtzara igo zen surflaria.

Kategoria desberdinetako lehiakideek beraien sariak jaso zituzten, eta bestelako sariak ere izan ziren iazko itzulian era bateko zein besteko balentriak egin zituzten lehiakideentzat.

Orain, Gold Coasten dira aurtengo lehen mailako lehiakideak. 34 mutilek eta 16 neskek urteko lehen mailako txapelketa egingo dute datozen egunetan.

Munduko eskuin olatu luze eta ederrenetako batean lehiatuko dira munduko surflari onenak, eta horrela, aurtengo lehen mailako denboraldia abiaraziko dute; beraz, datozen egunotan izango dugu zer ikusi.