Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Iraganaren aldizkako garrantzia

Rodolfo Martin Villa aspaldiko Barne ministroak («de la Gobernación», hain zuzen) ere garrantzi handia ematen dio Fernandezen kontaketa horri, berari erabateko zigorgabetasuna eman dio-eta

Esperanza Aguirre y Gil de Biedma, Bornosko kondesa eta Espainiako handia (handikia, alegia) eta Madrilgo Erkidegoko presidentea, udaltzainei iskin egin ondoren, horiek geldiarazi zutenean «terrorista bat bezala» tratatu zutela esaten ikusi genuen. Bere naturaltasunagatik nabarmendu izan da, baina horrelako ateraldiak entzundakoan naturaltasun horri azal gogorra esaten dio jendeak.

Herenegun etorri zitzaidan burura señora hori Yolanda Barcinak, Nafarroako handikiak, Adolfo Araiz lurralde horretako presidente izateko arriskuaz ohartarazi zuenean. Ustelkeriaz ere hitz egin zuen: «Ez dago indarkeria babestu izana baino indarkeria handiagorik», esan zuen, nik beste hitz batzuk entzun banituen ere: «Ondo izorratuta zaudete, indarrean dagoen erregimen ustela onartu edo hori amaitu nahi dutenei botoa ematen badiozue, haiek bezain bortitzak izango zarete». Hori da hori naturaltasun aguirretarra.

Harekin Fernandez Diaz Barne ministro espainiarra zegoen, eta hark ere iraganaren garrantzia nabarmendu zuen, iraganaren kontaketaren garrantzia, alegia. Rodolfo Martin Villa aspaldiko Barne ministroak (de la Gobernación, hain zuzen) ere garrantzi handia ematen dio Fernandezen kontaketa horri, berari erabateko zigorgabetasuna eman dio eta. Izan ere, Fernandezek «beste alde batera begiratzen zutenak» hizpide dituenean ez da Martin Villaz eta haren banda frankistaz ari (beste aldera begiratu besterik egin ez balute...).

Atzo, Bruselan, eurodiputatu bik, Teresa Jimenez Becerril PPkoak eta Maite Pagazaurtundua UPyDkoak, Etxerateko kideak hartu zituzten hautetsi europarrak maiseatu zituzten, eta esan zuten beraiek Etxerateko ordezkariekin biltzekotan «terrore historia gaitzetsi beharko» luketela. Hauxe ulertu nuen nik: «Zure eskubideak urratzearen alde egin ez dezadan, nik nahi dudana eta nik nahi dudan bezala esan behar duzu». Nire kontaketa sinatu behar duzu.

Behin eta berriz erabiltzen dute PPk eta PSOEk, baina baita, esate baterako, EAJk ere, makulu hori dagokien gai ezerosoren bat saihesteko asmoz. Ezer baino lehen, «iraganaren irakurketa kritikoa». Bestearen iraganarena, jakina. Beraiek ez iragana ez oraina ere aztertzeko prest ez daudela.