Surflari Ernegatua
ITSASOA

Hondartzako giza talde eta espezieen deskribapen xumea

Surflari gehienentzat hondartza itsasora bidean derrigorrez iragan beharreko eremu bat gehiago baino ez da. Gure ingurune naturala, beraz, itsasoa da, eta ez hondartza. Animalien erreinua zinez zabala da hondartzan, batez ere giza espezieari dagokiona, eta, horien artean, txakurrekin urertzean paseoan ibiltzen direnen multzoa da esanguratsuena.

Surflarion irudia, sarri, hondartzari lotua agertzen da. Jendeak egun osoa hondartzan pasatzen dugula uste du, eguzkitan, taularekin paseoan edo neskatilen begiradak geureganatzeko oilar dantzan. Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da, lehenik eta behin, gurean, hondartzara joateko urteko egunak urriak direlako, eta, bestetik, jendaurrean harro erakusteko ezer ez dugulako. Baina batez ere, salbuespenak salbu, surflarientzako hondartza itsasora bidean derrigorrez iragan beharreko eremu bat gehiago baino ez delako. Gure ingurune naturala, beraz, itsasoa da, ez hondartza.

Bidean, ordea, ezinbestean gurutzatu behar dugun lurralde arrotz horretako berezitasunak ikusten ditugu eta pixkanaka bertako fauna osatzen duten animalia eta landareen inbentario gero eta zehatzagoa egiten hasten gara. Landareen mundua oso aberatsa omen da; guk, ordea, kolore anitzetako algak eta haitzetako goroldio berdea baino ez ditugu atzematen.

Hondartzako animalien erreinua, ordea, zinez zabala da, batez ere giza espezieari dagokiona, eta, horien artean, oraindik eta zehatzago izateko, txakurrekin urertzeko putzu zulo, padura eta urmael artean ibiltzen direnen multzoa da esanguratsuena; txakurrekin paseoan dabiltzan txakurrak, aurrekin jolasten duten txakurtxoak, zaunka egiteko jaio, bizi eta hil diren lau hankako gauzak eta haien jabe maitagarriak; ezinean, mingaina arrastaka daraman zakur gajoa eta atzetik daraman ugazaba erretiratua, arnasa hartzeko bidelagun canis lupus familiaris bat duen mutilzahar edo mutxurdin betierekoa, abereak gorroto dituen arren, bikotekidearekin sinatu kontratuaren ondorioz maskotatxoa eguneroko itzulia egitera ateratzea behartuta dagoen ernegatua, eta abar.

Profil bakoitzak multzo bat osatzen du, eta multzo bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, baina bada guztien artean nahiko fidel betetzen den bereizgarri bat; animalia eta bere nagusiaren arteko antzekotasuna, alegia. Giza profil bakoitzari animali profil jakin bat dagokio.

Esate baterako, jende eskasak, gogor itxuraz beldurra eman nahian pena ematen dutenek edo lanbidez beldurra gerrian lotuta eramaten dutenek eta antzekoek, pitbull motako zakurrak izaten dituzte maiz. Fama txarreko animalia erronkari eta oldarkor hauen jabeak honakoak dira: diskoteka sarreretako gorilak, bizkartzain kikilak, uniformerik eraman ezin duten txingote konplexuz beteak, gimnasioetako manikiak, ziber gerlari lodikoteak, proxenetak, txuloak, kinkiak, makarroiak... eta Urkullu.