Jon LEUNDA
Aizkora | Urrezko lehiaketako finala

Iraupen probak erabaki du auzia

Atutxa eta Mugertza azkeneko lanera aldearekin sartu dira, eta bertan zalantza guztiak baztertzeko modua egin dute.

Ez zen ezusterik izan, eta Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak eraman zuten atzo Binakako Urrezko Aizkora, finalean Jon Rekondori eta Ander Erasuni irabazita. Azkenean iraupen proba izan zen erabakigarria.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin beharreko aurreneko lana, eta hor Atutxa eta Mugertza gailendu ziren, enborra 34 kolpetan botata, eta aurkariei lauko aldea kenduta. Bigarrengoan bikote bakoitzak 45 ontzako bi enbor ebaki behar izan zituen, aizkolari bakoitzak enbor bana moztuz. Bai Atutxak bai Mugertzak 41 segundo behar izan zituzten -denera minutu eta 22 segundo-, aurkariei beste bi segundo sartuz. Izan ere, 39 segundo behar izan zituen Rekondok, eta, 46, berriz, Ander Erasunek.

Hirugarren lanean, bikote bakoitzak 60 ontzako enborra bota behar izan zuen, zutik jarrita, eta hor txapeldunek aldea gehitu zuten. Bi minutu eta 18 segundo behar izan zituzten euren lana bukatzeko, eta, Rekondok eta Erasunek, berriz, bi minutu eta 36 segundo.

Laugarren lanean, abiadura proba izan zuten, eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten, aizkolari bakoitzak bana, eta garaipena Erasunek eta Rekondok lortu zuten. Izan ere, hiru minutu eta 37 segundo behar izan zituzten euren lana amaitzeko, gero txapela jantzi zuen bikoteak baino bi gutxiago.

Azken-aurreko lanean, bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita erdibitu behar izan zituen, eta hor ere Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak aldea lortu zuten. Euren lana bukatzeko bi minutu eta 58 segundo behar izan zituzten, eta, aurkariek, berriz, hiru minutu eta lau segundo. Beraz, azkeneko lana, iraupen proba, geratzen zen bakarrik dena amaitzeko, eta aldearekin sartzen ziren txapeldunak proba erabakigarrira, nahiz eta Jon Rekondok eta Ander Erasunek bazuten alde hori iraultzeko aukera.

Iraupen proba

Azkeneko lanean, iraupen proban alegia, bikote bakoitzak lau kana-erdiko eta lau 60 ontzako ebaki behar zituen; hortxe erabaki behar zen dena. Txapeldunek hasieratik hartu zuten aurre, eta apurka-apurka zulo hori handitzen joan ziren; hala, azkeneko bi enborretarako dena erabakita zegoen, izan ere, 60 ontzakoarekin aldea lortu zuten, eta Erasunek eta Rekondok ezin izan zioten horri bueltarik eman. Hortaz, amaieran amore eman behar izan zuten, ezinezkoa izan baitzitzaien euren aurkariak menderatzea.

Iraupen probako lanak burutzen 14 minutu eta 18 segundo behar izan zituzten Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak. Rekondok eta Erasunek, berriz, 15 minutu eta 30 segundo.

Horrekin ez zegoen lan guztietako denborak batu beharrik txapeldunak zeintzuk ziren jakiteko, izan ere, aldearekin amaitu zuten Atutxak eta Mugertzak, eta garbi zegoen txapela nora joango zen. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak 25 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten atzo egin behar zituzten lan guztiak burutzeko, eta horrekin bigarren urtez jarraian txapela lortu zuten.

Jon Rekondok, eta Ander Erasunek, berriz, 26 minutu eta 59 segundo behar izan zituzten euren lan guztiak amaitzeko. Ez zien balio izan txapela lortzeko, baina lan oso ona egin dute txapelketa osoan zehar.

Honela, Atutxak eta Mugertzak bigarren urtez jarraian lortu dute txapela elkarrekin. Biak, baina, aurretik txapelak lortutako gizonak dira. Atutxak bosgarren aldiz irabazi du jada Binakakoa maila nagusian. Aurretik bi aldiz bereganatu zuen Larretxearekin, eta behin Iñaki Azurmendirekin. Mugertzak, berriz, bigarren aldiz irabazi du maila nagusiko txapela iaz Atutxa berarekin nagusitu ostean, baina Bigarren Mailakoa ere irabazita zuen aurretik anaiarekin batera. Atutxa bera ere Bigarren Mailako txapela behin irabazita dago, Aldape lagun zuela.

Daniel eta Iker Vicente, Bigarren Mailan txapeldun

Iker eta Daniel Vicentek irabazi zuten Bigarren Mailako txapela. Proba hau zutik jarritako enborrak erabaki zuen; han galdu zuten Eneko Saralegik eta Eneko Otañok, denbora asko pasa baitzuten. Gero, iraupen proban dena iraultzeko gertu izan ziren, baina alde asko zuten kontra eta lana falta izan zitzaien iraupen proban garaipena lortzeko. Lan guztiak burutzeko 18 minutu eta 11 segundo behar izan zituzten Daniel eta Iker Vicentek, eta, 18 minutu eta 28 segundo, berriz, Eneko Otañok eta Eneko Saralegik. Vicente aita-semeek aurreneko aldiz irabazi dute Bigarren Mailako txapel hau, eta aurkariek oraindik ere ez dute bereganatu. J.L.