Andoni ARABAOLAZA
Andinismoa Ahoa bete hortz utzi ditu adituak

Marc-Andre Leclercek Cerro Torreko «The Corkscrew» bakarka igo du

22 urteko eskalatzaile kanadarrak igotakoa Cerro Torre mendilerroan bakarka egiteko biderik zailena omen da, eta Renato Casarottoren garaitik bakarkako jarduera azpimarragarriena dela esaten da. Bidea egunean eta baldintza kaskarretan igo zuen.

Benetan harrigarria Marc-Andre Leclerc kanadarrak Patagoniako ohiko denboraldian sinatu duen balentria. 22 urteko eskalatzaile honek bigarren denboraldia zuen Patagoniako erpinetan, eta, inolako zalantzarik gabe, protagonista bihurtu da. Duela aste gutxi aipatzen genizuen Colin Haley estatubatuarrarekin batera goi mailako bi jarduera poltsikoratu zituela: «Travesia de Oso Buda» (1.200 m, 5.10, A1, M5, WI5-6) eta «Directa a la mentira» (1.200 m, 5.10, A1, WI4-5). Biak ala biak Cerro Torren.

Bada, beste sokakide batzuekin maila txikiagoko eskaladak egin eta gero, Leclercek ahoa bete hotz utzi ditu El Chaltenen bildutako guztiak Cerro Torreko «The Corkscrew» bidea (5.10d, A1, 90º, 1.200 m) bakarka igo eta gero.

Bai, goi mailako jarduera izan da; izan ere, bakarka eskalatzeko Cerro Torreko biderik zailena omen da. Gogoratu behar dugu erpin horretan bakarkako zazpi igoera izan direla: hiru «Compresor» marratik, beste hiru «Ragni»-tik eta Leclercena. Esan daiteke Renato Casarottok 1979an Fitz Royko ipar zutoina (5.10d, C1, 1.250 m) bakarka eskalatu zuenetik, kanadarrarena estilo berean eginiko garrantzitsuena izan dela. Gogora dezagun Casarottok garai hartan soka finkoak erabili zituela; Leclercek, berriz, ez, eta, gainera, egunean igo zuen.

Kanadarra gaztea da, bai, baina argi utzi du bere jaioterriko mendietan, Squamishen, eskarmentu handia hartu duela. Izan ere, «The Corkscrew» bidea ez da txantxetakoa; 1.200 metroko ibilbidea du, eta horietako 200 independenteak dira. Hego-ekialdeko ertzean hamalau luze igotzen dira; hain zuzen ere, izotz dorreen azpira heldu arte. Handik, marrak mendebaldera egiten du, eta «Ragni» bidearen izotzezko aldats tenteetan sartzen da, gailurra zapaldu arte.

Bakarka, bide zaila eta egunean. Eta hori guztia gutxi ez eta protagonistak berak aurreratu du mendiaren baldintzak ez zirela batere onak: «Erritmo mantsoa eraman nuen, batez ere euria egin zidalako, eta arroka verglas-ekin zegoelako. Bai, sekzio askotan elurrak eta izotzak arroka estaltzen zuen, eta oso zaila zen azkar igotzea. Neure burua aseguratzeko ere komeriak izan nituen; sokarekin soilik hainbat eraztun egin nituen. Hots, era tradizionala baztertu nuen».

Euripean

«The Corkscrew» bidearen lehen igoera Ole Lied eta Trym Atle Saeland norvegiarrek sinatu zuten, baina «Compresor» marraren zati bat eskalatu zuten. Hori 2008an izan zen. Bost urte geroago, Colin Haley eta Chad Kellogek azken bide horren iltzeak erabili gabe igo zuten. Leclercek, berriz, bakarka igo zuen, eta, gainera, beste sokada horiekin guztiekin alderatuta, oso baldintza kaskarretan jardunez. «Gau osoa euripean igaro nuen, blai eginda nengoen, ez nuen bibaka egiteko zorrorik eta artesi guztiak urez gainezka zeuden. Behealdeko sekzio guztiak bustita eskalatu nituen; eta goialdean, aldiz, arroka erabat izoztuta zegoen. Ia une oro hatzekin arroka harramazkatu behar nuen helduleku onak aurkitzeko. Une batean, goiko sekzioetan, egunsentiarekin batera 30 minutuz musika entzuten egon nintzen, eguzkia izotza urtzen hasi zen arte. Hortik aurrera baldintzak asko hobetu ziren», adierazi du gazte kanadarrak.

Protagonistaren jarduera pasa den otsailaren 21ean izan zen. Niponino kanpalekutik egun bat lehenago irten zen, eta 18:00etarako «Paciencia» izeneko lepora heldu zen. Artesi batean bibaka egin ondoren, 02:30ean altxatu eta ordu erdira lehen luzean murgildu zen.

Jakina, eskalada azkar hori egin ahal izateko, eskalatzailea arin joan zen: «8 milimetro zituen 80 metroko soka bat eraman nuen. Eta horrekin batera micro cam hiruna joko, camalot joko bat, bi daysi chain, izotzerako pare bat torloju, beste pare bat iltze...».

Aurreratu dugun bezala, ordu txikietan hasi zen eskalatzen, eta, beraz, ordu asko ilunpean lanean eman zituen: «Ia sekzio guztiak era askean igo nituen; gutxi gorabehera, %98. Gainera, soka apenas erabili nuen; soilik pare bat metro eskalatzeko. Luze tenteenak ere sokarik gabe igo nituen; beraz, eramandako sokak denbora gehiena bizkar-zakuan egin zuen. Luze bakoitzean soka hori fi-fi batetik zintzilikatzen nuen. Zoritxarrez, hainbat unetan bai soka bai motxila krokatuta gelditu ziren. Beraz, horiek askatzeko behin baino gehiagotan rapelatu behar izan nuen. Horietako luze bat hiru aldiz eskalatu nuen, material hori harlauza batzuetan krokatuta geratu zelako. Ez nuen jumar-ik eraman, ezta grigi-rik ere».

Hego-ekialdeko ertza eskalatzen bukatzean, gazteak arrokan eskalatzeko tresneria bilera batean utzi zuen, eta hortik aurrera bizkar-zaku arin-arin batekin jarraitu zuen: «Azken sekzioan, `Ragni' bidean, baldintza oso onekin eskalatu nuen, eta arratsaldeko zazpiak laurden gutxiagotan Cerro Torreko gailurrera iritsi nintzen. Ilundu baino lehen rapelatzen hasi nintzen, eta arazorik gabe lepoan dagoen artesira heldu nintzen. Eskalatu nuen bidea bikaina iruditu zitzaidan bakarkako xede batentzat».

Emakumezkoak ere pixkaka protagonismoa hartzen hasi dira

Orriok irakurtzen dutenak ziur aski ohartuko ziren Patagoniako erpinetan egiten diren jardueren artean emakumezkoen inguruko berriak ia ez direla argitaratzen. Modu batean edo bestean esan daiteke hango andimismoak gizonezkoen zigilua duela, haiek baitira orain arteko protagonista nagusiak. Alabaina, tantaka bada ere, emakumezkoek ere noizean behin muturra sartzen dute, eta aurtengo ohiko denboraldian pare bat eskalada azpimarragarri egin dituzte.

Horietako protagonista bat Brette Harrington estatubatuarra dugu. 23 urteko gazte horrek lehen aldia izan du Patagonian, eta aipatzeko modukoa da Saint-Exupery orratzean eginikoa. Harringtonek «Chiaro di Luna» bidea (6b+, 759 m) bakarka eskalatu du; hori egiten lehen emakumezkoa izan da. Eta soilik hiru ordu behar izan zituen 750 metro horiek eskalatu ahal izateko.

Marra hori, bere zailtasunean, gehien errepikatzen dena da, eta era askean igotzeko onenetarikoa dela diote askok eta askok. Otsailaren 20an borobildu zuen xedea, baina, aurreratu behar dugu, aldez aurretik aurreko protagonistarekin, Leclercekin, bide hori errepikatu zuela: «Oso harro nago eginikoarekin. El Chaltenera iritsi nintzenean, bide hori helburu bezala hartu nuen. Eskaladaren bezperan egun osoa euripean eman genuen, eta, beraz, itxaron behar izan nuen eguzkia azaldu arte. Bidearen giltza [diedro bat, alegia] bustita zegoen, baina aise gainditu nuen. Pozarren nago Patagoniako erpinetan egin ditudan eskaladekin; izan ere, `Chiaro di Luna' bideaz gain, beste hiru orratz igo ditut».

Bien bitartean, Christina Huber eta Caroline North alemaniarrek Cerro Torre igotzeko aukera izan dute. Aukeratutako bidea «Ragni» izan da, eta, horrela bada, lehen emakumezko sokada izan da marra hori igo duena. Protagonistek esan dutenez, bide osoa era askean igo zuten eta kanpoko laguntzarik ez zuten izan.

Eskalada garrantzitsu hori neurtzeko, soilik honako datu hau eman behar dugu: alemaniarren aurretik soilik beste emakumezko sokada batek zuen Cerro Torre igota, Monina Kambic eta Tanja Grmovsek esloveniarrek osatutakoak hain zuzen ere. Esloveniarrak «Compresor» bidetik igo ziren, 2005ean. Andoni ARABAOLAZA