Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
ITSASOA

Quiksilver Pro Gold Coast 2015: Philipe Toledo eta Carissa Moore garaile urteko lehen txapelketan

Lehen mailako munduko itzulia Australian hasi da. Philipe Toledo brasildarra eta Carissa Moore hawaiiarra izan dira lehen txapelketa honetako irabazleak. Olatu eskasak eta ezusteko emaitzak izan dira protagonista Gold Coasten, baina baita polemika ere.

Samsung Galaxy Championship (lehengo WCT) itzuliko lehendabiziko txapelketa amaitu da Australian. Mutilen kasuan Top34 lehiakideak eta nesken kasuan Top17 lehiakideak Snapperreko urautsian izan dira ahalik eta emaitza onenak lortzeko borrokan. Hitz gutxitan txapelketa deskribatzeko, olatu aldetik eskasa, lehiakideen aldetik oso polemikoa eta emaitzei dagokienez ezustekoa izan dela esan daiteke.

Filipe Toledo brasildarrak eta Carissa Moore hawaiiarrak eskuratu zituzten kategoria bakoitzeko txapelak. Horrenbestez, mutilen zein nesken ranking orokorren buru jarri dira bi surflariok.

Olatu eskasak

Otsailaren 28an hasi eta martxoaren 11n amaitzekoa zen munduko txapelketa luzatzeko erabakia hartu behar izan zuten antolatzaileek. Izan ere, epea amaitzear itsaskirik ez zen sartzen, eta, azkenean txapelketa egin ahal izan bazuten ere, olatuen kalitatea oso pobrea izan zen.

Munduko eskuin olatu luze eta borobilenetakoak eskaintzen dituen urautsian, ez zen kalitatezko olaturik izan aurtengoan. Ez zen tubo bat ikusteko aukerarik izan txapelketak iraun zuen artean eta lehiakideek haien potentziala erakusteko zailtasun handiak izan zituzten.

Txapelketa bi egun luzatzeko hartutako erabakia ez zen batere erraza izan, zeren aurreikusi gabeko ondorioak izango zituen, eta horrek, noski, diru aldetik ere galerak izatea suposatzen zuen. Lehiakideek haien hoteletako erreserbak luzatu eta hegaldiak aldatu behar izan zituzten, eta, antolatzaileen esanetan, txapelketa egiteko azpiegitura gastuetan ere diru galera handia suposatzen zuen erabakiak.

Kieren Perrowek iragarritako erabakiak harrera ona izan zuen hasiera batean, baina gerora kontrako kritika gogorrak entzun behar izan zituen WSLko bozeramaileak, batez ere emaitza onak lortu ez zituzten lehiakide ernegatuen partetik.

Lehiakide ernegatuak

Itsasoaren egoera eskasak ustekabeko emaitzak izatea ahalbideratu zuen. Olatu politak izan ziren azken bi egunetan, haize leunarekin eta garbiak, baina oso txikiak, txikiegiak lehiakideen gusturako.

Baldintzak onak direnean eta lehiakideek haien onena eskaintzeko aukera izaten dutenean, ez da arazorik izaten. Izan ere, bakoitza egin duen lanarekin kontent bada, surflariek ez dute bestelako kexarik izaten. Norberaren abileziaz gain olatuen egoerak kalterako eragina izaten duenean, ordea, gaizki ulertuak, liskarrak eta ika-mikak izaten dira.

Snapperren izandako zenbait gertaeren ondorioz lehiakideek izan beharreko jarreraren inguruan eztabaida sortu da. Joel Prkinson, Josh Kerr edo Fredy Pattachia lehiakideek txanda ez pasatzeagatik hartutako kasketek, esaterako, zeresana eman dute, baina oihartzun handiena izan zuen polemika Gabriel Medina iazko munduko txapeldunaren eta Glen Hall irlandarraren artean eman zen.

Hirugarren errondan izan zen, Medinak olatu bat hartu zuen, baina Glen Hallek lehentasuna zuen eta olatu bera hartzea erabaki zuen Medinaren olatua bertan behera uzteko. Medinak, ordea, ez zuen batere ondo hartu bere arerioaren erabakia eta haren kontra jo zuen.

Epaileek, Medina zigortu eta brasildarra kanporatu zuten. Txanda osteko elkarrizketan, haserre, WSLko antolakuntzaren eta Kieren Perrow bozeramailearen kontra jo zuen brasildarrak.

Toledo vs Wilson

Mutilen kasuan, txapelketa honetan izan zen lehia nagusiaren adierazle fidela izan zen finala, izan ere brasildar eta australiarren arteko borroka oso gogorra izan zen lehiaketa osoan zehar.

Final laurdenetan, adibidez, lau brasildar eta lau australiar zeuden parekatuta. Finalerdietan, ordea, australiar bakarra geratzen zen, eta, finalean, Filipe Toledo brasildarra eta Julian Wilson australiarra izan ziren buruz buru.

Azkenean, 19 urte baino ez dituen Philipe Toledo nagusitu zen. Wilsonek, 9,10 eta 5,60 puntuko olatuak egin zituen, ongi aritu zen, baina Toledok sekulako finala egin zuen. Bere bi olatu onenek 9,60 eta 10 puntu jaso zituzten, eta, horrez gain, 9,17 puntuko hirugarren olatu bat ere egin zuen; beraz, alde handiarekin gailendu zen. WSL itzuliko lehiakide gazteenak 19,60 punturekin irabazi zuen Snapperreko txapela.

Honela mintzo zen irabazlea sari banaketen ostean: «Munduko sentsazio onena da hau eta zoriontsu naiz. Soilik Jainkoak eta nire familiak dakite zenbat lan egin dudan hona iristeko».

Moore vs Gilmore

Nesken kasuan ibilbide bikaineko bi lehiakide izan ziren finalean. Carissa Moore hawaiiarrak bi bider eskuratu du titulu mundiala (2011n eta 2013an), eta Stephanie Gilmore australiarra, berriz, nesken kategorian munduko txapela gehien irabazi dituen lehiakidea da. Guztira, sei bider izan da munduko txapelduna (2007an, 2008an, 2009an, 2010ean, 2012an eta 2014an).

Oraingo honetan, ordea, Carissa Moore nagusitu zen. Olatu aukeraketan asmatu zuen, baita ariketa indartsuak egiten ere. Hasiera ona izan du, beraz, hawaiiarrak. Hala ere, helburua 2015eko titulua eskuratzea da, eta, horretarako, hurrengo urratsa datorren hilean Australia mendebaldean izango den txapelketan eman beharko du.

Honela mintzo zen Moore lortutako azken emaitzaren inguruan: «Stephanie bezalako lehiakide bati irabazteak indarra ematen du. Ziur naiz Bell's Beachen berriz ere ikusiko dugula elkar eta jada lehiatzeko gose naiz. Beraz, orain minutu pare bat hartuko ditut garaipen hau dastatzeko, baina, horren ostean, berriz ere lanera, aurten neskak indartsu baitatoz eta lehia gogorra izango baita».