GARA

Libian gaitutako jihadistek egin zuten Tuniseko museoaren aurkako erasoa

Tuniseko Bardo museoaren aurkako erasoa, joan den asteazkenean 23 hildako eragin zituena, Libian gaitutako bi jihadistek egin zuten, Rafik Shely segurtasun gaietarako Estatu idazkariak adierazi duenez. Europar Batasunak «terrorismoaren aurkako elkarlana» indartu nahi du.

Modurik tristeenean ospatu zuten atzo tunisiarrek herrialdearen independentziaren 59. urteurrena, asteazkeneko atenta- tuaren ondorioz.

1956ko martxoaren 20an, herrialdeko lehen presidente izango zen Habib Burgiba kolonizatzaile frantsesen aurkako borrokalariak independentzia aldarrikatu, eta Tunisiako kaleetara poza eraman zuen.

Gaurko Tunis erabat modernizatuta dago, baina atzo pozteko arrazoi gutxi eta haserre egoteko asko zuten bertakoek, besteak beste, museoaren aurkako erasoak hilzorian utzi baitu herrialdearentzat hain garrantzitsua den turismoa.

«Gaur Tunisiako bandera harro eramateko eguna da. Tunisiarrei esan behar zaie gure etorkizuna ez duela inork suntsituko», esan zuen Moez izeneko abokatu gazteak. «Tunisiak iraultza egin du eta geroztik lau urteko trantsizio zaila egin behar izan dugu. Ezin dugu onartu inork gure iraultza lapurtzea; lanean jarraitu behar dugu».

Rafik Shely Estatu idazkariak jakinarazi du bi jihadistak, Jasin Abidi eta Hatem Jaxnaui, legez kontra irten zirela abenduan Tunisiatik Libiara joateko. Bertan ikasi zuten armak nola erabili, itzuli aurretik. «Ez dauzkagu xehetasun guztiak, baina badakigu tunisiarrentzat propio prestatutako entrenamendu ere- muak dituztela Sabrathan, Bengasin eta Dernan», erantsi zuen.

Makina bat begiralek esandakoa baieztatu dute Tunisiako agintariek: jihadisten gotorleku bihurtu dela Libia.

Herrialde horretako egoera aztergai izan zuten atzo Europar Batasuneko estatu eta gobernu buruek. Tunisiarekin batera «terrorismoaren aurkako elkarlanean» jarraitzeko konpromisoa adierazi zuten agintariek, eta agindu zuten herrialdean batasun gobernu bat osatuz gero, Bruselak bere laguntza osoa emango liokeela, egonkortasuna berreskuratze aldera.

Agenterik ez Parlamentuan

Asteazkeneko atentatuaren gaineko ikerketak Habib Esid lehen ministroak berak onartzen dituen segurtasun arazoak azaleratu ditu. Esaterako, museoa Parlamentutik gertuegi dago.

Abdelfatah Mourou Parlamentuko presidenteordeak, berriz, erasoa egin zutenean ganbera zaintzeko inor ez zegoela bertan jakinarazi du. Lau agente zeuden teorian lan hori egiteko, baina horietako bi «kafea hartzen» ari ziren, hirugarrena bazkaltzera joana zen eta bestea egun horretan ez zen joan lanera. «Sekulako akatsa izan zen», onartu du.

Horrelakorik ez zuen aipatu Beyi Caid Esebsi presidenteak arratsaldean eskaini zuen hitzaldian. Independentziaren egunean, oraindik «Estatu demokratiko baten oinarriak» eraikitzen ari direla adierazi zuen, eta ezinbestekotzat jo zuen tunisiar guztiek bat egitea.

Munduko Gizarte Foroak ez du egoitza aldatuko

WSF Munduko Gizarte Foroa jihadistek eraso berri duten Tunisen egingo da hilaren 24tik 28ra, aurreikusita zegoen moduan, antolatzaileek atzo jakinarazi zutenez. Gainera, datorren astearterako «terrorismoaren aurkako manifestazioa» deitu dute, hiriburuko Bardo museoaren aurkako erasoan 23 pertsona hil eta gero.

Antolatzaileek premiazko bilera egin zuten atzo. Etortzekoak ziren ordezkaritza guztiek esan diete esku hartzeko asmoarekin jarraitzen dutela. «Guri babesa eskainiz makina bat mezu jaso dugu», jakinarazi zuten. Astearterako «terrorismoaren aurkako manifestazioa» deitu dute. Arratsaldeko lauretan hasiko da Bab Saadoun plazan eta Bardo museoaren aurrean amaituko da, «Munduko herriak terrorismoaren aurka» lelopean.

Latifa Lajdar Kultura ministroak jakitera eman du astelehenean ez bada asteartean zabalduko dela berriz museoa, eta bertan egingo direla WSFko makina bat tailer eta bilera. «Terroristek ez zuten leku hau kasualitatez aukeratu. Museoa memoriaren tresna bat da eta beraiek ez dute nahi ez memoriarik ez historiarik. Memoria kolektiboa gorrotatzen dute», adierazi du Kultura ministroak. GARA