Surflari Ernegatua

Erantzukizunak

Udalei dagokie beren hondartzetan dabiltzan surf monitoreei ganorazko tituluak eskatzea. Tragedien ostean negar egitea alferrikakoa da; erantzukizunez, aurrez jokatu behar da Australiako akademia onenean diploma bat eskuratu duen irakasle prestuak gauza bakarra izango du ziurra: gauza bakar bat ikasi eta irakatsi ahal izango du gurean... baliorik ez duen diploma bat duela.

Urtero bezala, Euskal Herriko Surf Federazioak surf monitore izateko ikastaroetan izena emateko epea ireki du. Bizkai eta Gipuzkoako federazioen izaera eta errealitateak, federazioan nagusi den hizkuntza eta antzeko gaiak alde batera utzita, izan daitezkeen akats eta hutsuneak ahaztu gabe, federazioak eskaintzen duen monitore tituluak duen garrantzia azpimarratu nahi nuke.

EHSF-ren monitore titulua ateratzeko egin beharreko proba eta edukien inguruan hitz egin daiteke, egokiak diren, zer erantsi edo ezabatu beharko litzatekeen, eta abar, baina orokorrean, balekoa da, beste herrialde askok eskaintzen dutena baino osatuagoa, eta batez ere, ezinbestekoa da.

Munduan diren surf-irakasle titulu desberdin guztien artean, famatuenak australiarrak dira; gainontzeko herrialdeek baino garapen maila handiagoa dute arlo honetan. Horien atzetik, frantsesak izango dira surf irakaspenaren eremuan urrats sendoenak egin dituztenak. Baina, ez batak, ez besteak, ez dauka mundu mailako titulu bat eskaintzeko eskumenik. Alegia, Australiako tituluak sekulako ospea izan dezake, baina handik kanpo, tokian tokiko araudiari dagokio titulu hori onartzen duen edo ez esatea.

Mundu osoan surf monitore gisa lan egin ahal izateko eskaintzen den titulu bakarra ISAk ematen duena da; izan ere, legez, surfa kirol gisa mundu mailan ofizialki ordezka dezakeen erakunde bakarra da. ISAk eskaintzen duen monitore titulua zeharo eskasa da. Zerbaitekin alderatu beharko banu, gurean ditugun politikarien mailarekin alderatuko nuke. Pentsa! Astebetean ateratzen den titulua da, eta maiz itsasorik ere ez duten lekuetan eskuratzen da.

Udan gure hondartzetan izaten diren Belgika, Holanda edo Suitzako ikasleez osatutako talde erraldoi horiei surfa «irakasten» dieten monitoreek izaten duten titulu mota da ISArena. Egia esan, legez, ez dute ezer behar, bai baitakite herrialde atzeratu batean direla, bestela Europan geratuko lirateke, Biarritz aldean, baina han gauzak bestelakoak dira...

Iparraldeko hondartzetan surf ikastaroak emateko indarrean dagoen legedia zorrotza da, eta bertako udalek titulu frantsesa izatea exijitzen dute. Hegoaldean, ez dago zer eskatu; azken urteetan zenbait saialdi egin dira. Udalek esku hartu nahi dute eta batzuetan eskua sartu ere bai, eta horrela helburu nagusia ahazten da: ikasle eta bainularien segurtasuna.

Irakasle izateak duen erantzukizunaz ohartzen ez den jende asko dago. Gehiegi. Itotzen ari den norbait ateratzeko gai ez diren monitoreak lautik hiru dira, eta zoritxarrez azken urteetan baditugu horren adibideak. Udalei dagokie beren hondartzetan dabiltzan surf monitoreei ganorazko tituluak eskatzea. Tragedien ostean neurriak hartu behar direla esatea alferrik da. Bitartean, Australiako akademia onenean diploma bat eskuratu duen irakasle prestuak, gauza bakarra izango du ziurra: gauza bakar bat ikasi eta irakatsi ahal izango du gurean... ezertarako balio ez duen diploma bat duela.