Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Hipotermia: udaberria da, baina ura hotz dago

Itsasoko uraren tenperatura eta lehorreko baldintza meteorologikoak ez datoz bat udaberrian. Hipotermia bat jasateko arriskua neguan baino handiagoa da.

Udaberria gainean da. Egunak gero eta luzeagoak dira, eguzkia maizago ateratzen da eta itsasoko ura gozatzen hasten da, baina kontuz, oraindik ura hotz dago, mendi gailurretan urtzen den elurrak bere bidea egin behar du, eta kostaldeko urek ere denbora behar dute pixkanaka berotzeko.

Itsasoko uraren tenperatura urte sasoiaren izaerarekin bat ez datorrela esan daiteke, ezta eguraldiarekin ere. Udazkenean, ura oraindik nahiko epel izaten da; abenduan, esaterako, ura oraindik ez dago maila hotzenean, eta negua amaitzear denean, orduantxe izaten ditu urak gradu gutxien; alegia, otsailean.

Lehorreko tenperaturen logika beraz, ez dator itsasoko tenperaturarekin bat. Batzuetan, itsasoko tenperaturak lurreko tenperaturak gainditzen ditu. Halako egunetan, itsasoak lurrun moduko bat igortzen du airera, eta sekulako hotz irudia ematen du, baina itsasoratzeko egun aproposa izan daiteke.

Bestalde, eguraldiarekin ere kontuz ibili behar da, zeren egun eguzkitsu batean euria egiten duen egun batean baino hotz handiagoa egin dezake. Uraren tenperatura edozein dela ere, eguzkiak beti berotzen du, baina bada hor tartean ezin ahaztuzko osagai bat: haizea.

Euria egiten duen egun batean, baita elurra egiten duen egun batean ere, haizerik ez bada, hotz sentsazioa murriztu egiten da itsasoan. Kontuan hartu behar da surflariak gorputzaren zati handi bat uretatik kanpo duela arraun egiten duen bitartean.

Alderantziz, ordea, sekulako eguzkia ageri den hodeirik gabeko egun batean, haizea hotza bada, hotz sentsazioa handiagoa izango da, baita haizea beroa denean ere. Hego haizea dabilen egun sargorietan, esaterako, haizeak fin jotzen du itsasoan; izan ere, surflaria bustita dago eta hoztu egiten da. Beraz, surflariak uraren tenperaturaz gain, lehorrean diren baldintzak ere kontuan hartu behar ditu.

Ur hotzetan ibiltzea osasungarria izan daiteke, baina gauza guztietan bezala, neurria hartzea garrantzitsua da. 16 gradutik beherako uretan hipotermia izateko arriskua izaten da. Zenbat eta ur hotzagoa, orduan eta hipotermia arrisku handiagoa. Gurean, 13 eta 15 gradutan izaten da itsasoko ura neguan, urtarrila eta martxoa bitartean.

Baina zer da hipotermia? Hipotermia hitzak, literalki, «beroaren azpitik» esan nahi du. Grezieraz, hypo hitzak «azpian» esan nahi du, eta therme hitzaren esanahia berriz, «beroa» da. Horrenbestez, hipotermiak bero galera adierazten du. Gure gorputzaren berotasuna 36,5 eta 37,5 gradu artean izaten da. Teorikoki, 35 gradutik behera gorputza hipotermia egoeran sartzen da eta tenperatura baxuko egoeran denbora luzez egonez gero, honakoa gertatzen da.

Gorputza aurrez galdutako beroa berreskuratzeko gai ez bada, organoak ahultzen hasten dira eta ez dute behar bezala lan egiten. Huts egiten hasten dira eta, momentu batean, funtzionatzeari utzi eta geldirik gera litezke. Beraz, gehiegizko hotzak osasun arazoak sor ditzake, eta muturreko egoeretan heriotza ere eragin dezake.

Adituen esanetan, lau hipotermia maila daude: arina, moderatua, gogorra eta sakona. Sailkapen honen arabera, eman beharreko pausoak alda daitezke, baina helburua beti gorputza berotu eta bere onera ekartzea da.

Hipotermia arina bada, surflariak hipertentsioa, dardarak eta buruko anabasa sentituko ditu. Horiek negu hotzean surf egin duen ia surflari orok noizbait jasan izan dituen sintomak direla esan daiteke.

Gorputzeko berotasuna jaisten doan neurrian, ordea, hipotermia arina moderatua bilakatzen da. Orduan, muskuluak mugitzeko koordinazioa galtzen da eta horrez gain, hatzak, belarriak eta ezpainak urdin kolorea hartzen hasten dira. Fase horretan gorputzak helburu bakarra du, ezinbesteko organoak ahalik eta beroen mantentzea, alegia.

Hipotermia gogorra den kasuetan, bihotzean zauri larriak sortzen hasten dira, eta ondorioz, baita odolaren zirkulazio sisteman ere. Amnesia agertzen da, hitz egiteko zailtasunak, zorabioak, eta mugimenduen desoreka areagotzen dira.

Adibide moduan, hamar graduko uretan, pertsona normal bat ordubeteko tartean hil daiteke, eta hortik behera, gradu gutxiagoko uretan, nekez iraun dezake bizirik pertsona batek.

Surflariek ur jantzia eramaten dute gorputzak mugimenduan denean botatzen duen beroa gorde eta gorputza bero mantentzeko, baina ur jantzia daraman surflariak ere arazoak izan ditzake gorputza bero asko galtzen hasten bada. Izan ere, puntu horretan, neoprenoak ez du berorik jasotzen, ezta ematen ere.

Gorputzak galtzen duen beroaren %90 larruazaletik galtzen du eta beste %10, biriketatik. Beraz, ur jantzia izan arren, pixkanaka bada ere, surflaria hipotermia arin bat izatera bultza dezake.

Pertsona guztiak ez dira berdinak, batzuek beste batzuek baino hobeto jasaten dute hotza, edo gorputza bero mantentzeko gaitasun handiagoa dute. Hala ere, edozeini gerta dakioke hipotermia bat izatea; beraz, aurrez aipatu ditugun sintomak nabarituz gero, onena uretatik atera eta lehenbailehen gorputza berotzen hastea da.

Gorputza berotzeko, kafea, tea edo txokolate beroa hartzeak lagun dezake, eta giro goxo batean bada, are hobeto. Modu horretan, gorputzak pixkanaka bere ohiko tenperatura berreskuratuko du. Birberotze prozesua amaitzeko, bainu bero bat hartzea lagungarria da. Horrela gorputza bere onera etorriko da, eta hurrengo egunean berriz ere itsasoratzeko moduan izango gara.